Diskoa aurkeztu zuen Bergarako musika bandak

MaierUranga 2007ko azaroaren 19a

Bergarako musika bandak 175 urte betetzen ditu aurten, eta hori ospatzeko zortzi abestiz osatutako diskoa eta DVDa kaleratu berri ditu. Zapatuan, Santa Zezilia eguna gertu dagoen aitzakia hartuta, pilotalekuan, diskoaren aurkezpen kontzertua egin zuten.

Lau abesti jo zituzten guztira: Alfredo Gonzalez Chirlaque bandako zuzendariak konposatutako 1832; bere aita Miguel Gonzalez Bastidaren Ezpata Dantza gero; Ennio Morriconeren I knew I loved you, Alfredo Gonzalez Chirlaquek moldatuta; eta Franco Cesariniren Tom Sawyer suitea, amaitzeko.

76 musikarik, Alfredo zuzendariak eta estandarteak osatzen dute gaur egungo Bergarako musika banda. Guztiek elkarrekin grabatu dute zazpi abestiz osatutako diskoa, bi egunetan. Esan beharra dago, hasieran, zortzi abesti grabatu behar zituztela, baina, hainbat arazo tarteko, azkenean, zazpikoan geratu da kaleratu duten diskoa. Angel Agiriano bonbardinoak esan digun moduan, "oso gogorra izan da grabaketa, bi egunez guztiok batera... kontzentrazio handia behar da".
Kaleratu duten DVDa, berriz, bi zatitan dago banatua: alde batetik, musika bandaren historia kontatzen da, eta, bestetik, gaur egungo kideak eta antolamendua azaltzen dira.

Kontzertua hasi aurretik, kalean ibili ziren bandakoak, hainbat abestirekin Bergarako kaleak alaituz. Zuzendaria urduri zebilen arren, oso ondo irten zitzaien ondoren pilotalekuan egindako emanaldia. Erantzun ona izan zuen, gainera, bergararren aldetik, toki gutxi baitzeuden libre kontzertuan.

175 urte

Musika bandaren urteurrena ospatzeko, askotariko ekitaldiak egin dituzte. Diskoa eta DVDa grabatu eta aurkezpen kontzertuaz gain, barikuan, hilaren 16an, hilabetez, Barrenkaleko Aroztegi aretoan erakusketa jarri du bandak, Filatelia Elkarteak lagunduta. Musikaz lotutako seiluak egongo dira ikusgai bertan, atzokoak eta gaurkoak, kolore eta tamaina guztietakoak. 

Filatelia elkarteak seiluak jarri ditu, eta bandak partitura zaharrak edo aintzinako instrumentuak, besteak beste, gehitu dizkie haiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak