Delorean gidari izango den pop dantzagarriaren jaia gaur Jam-en

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko ots. 27a, 12:09

Egun Bartzelonan bizi den Delorean talde zarauztarrak kontzertua eskainiko du gaur Jam aretoan, 22:30ean hasita. Laukotearen lagun diren The Requesters eta DJ Kigok ere hartuko dute parte pop-rock, elektronika eta musika dantzagarriaren desparramean. Ateak 22:30ean zabalduko dira eta sarrerak 13 euro balio du.

Zarauztarrak badira ere, Bartzelonan dute gotorlekua Eki Lopetegik (ahotsa eta baxua), Tomas Palomok (gitarra eta teklatuak), Unai Lazkanok (gitarra eta teklatuak) eta Igor Eskuderok.

Pop rock eta elektro dancea
Delorean dira, 2000. urtean jaiotako pop rock, elektronika eta musika dantzagarria uztartzen dituen euskal talde berritzailea. Musika molde horretako talde gehienak ez bezala, Deloreanek ohiko rock talde baten instrumentuak erabiltzen ditu: gitarra, baxua eta bateria (eta teklatua). Ingelesez abesten dute, musika ingelesez entzuten dute-eta. Hala, ingelesez abesteak hainbat ate zabaldu dizkie nazioartean ezagunak egiteko. 2005ean utzi zuten Zarautz, eta egun Bartzelonan bizi dira. Han eginbeharrak amaitu eta gero, ia egunero biltzen dira euren estudioan, zainetan daroaten musika sortzen gozatzeko. Atzo Bartzelonan jo ostean etorriko dira gaur Bergarako Jam aretora. Ateak 22:30ean zabalduko dira. Sarreren prezioa: 10 euro aurrez eta 13 euro leihatilan bertan.

Arrakasta Euskal Herrian...
Hasieratik musika ezberdina egiten hasi zen Delorean, eta euren estiloan aitzindari izan zirela esan daiteke. Eskaintza berezia zen, ezberdina, eta laster egin ziren ospetsu. Unai Lazkano taldekideak adierazi duenez, "Euskal Herrian oso harrera ona izan dugu, eta horrek esan nahi du hemen musika ulertzeko ikuspegi zabala dagoela".

...zein nazioartean
Euskal Herritik kanpo are ezagunagoa da laukote zarauztarra. Atzerrian hamaika bira egindakoak dira, eta besteak beste, Frantzia, Alemania, Norvegia, Mexiko eta AEBetan izan dira. Lazkanok Alemaniako esperientzia azpimarratu gura izan du: "bost urtetan jarraian joan gara, okupatutako etxeetan egiten genuen lo. Urtez urte ikusi dugu taldea nola joan den handitzen. Lehen urtean 10 ikusle inguru izaten genituen kontzertuetan eta azken urtean areto batzuk lepo betetzera heldu ginen". Izan ere, gaur egun pop rock eta dance estiloan talde ezagunenetariko bat izatera heldu da Delorean.
Azkenik, Lazkanok ezagutzera emateko deia luzatu die "euren entsegu lokaletan proiektu ezberdinak lantzen dabiltzan taldeei".

'Desparramea' gaur Jam-en
Delorean izango da gaurko emanaldiaren gidaria. Hala, The Requesters eta DJ Kigorekin –K**O izena hartu du orain– batera desparramea ekarriko dute Bergarako Jam aretora. Hortaz, Deloreanen desparrame guztietan moduan, dantzatzeari uztea debekatuta egongo da.
Bestalde, martxoa eta maiatza bitartean Ayrton Senna izeneko 12 hazbeteko binilozko maxi single bat aterako dute, lau abestiz osatua. Bada, lau kantuok zuzenean joko dituzte gaur; beraz, jarraitzaileek Deloreanen proiektu berria zuzenean ezagutzeko aukera izango dute. Gaur ezin duenak beste desparrame bat du bihar, Bilboko Kafe antzokian.

Hiru disko kalean
2000. urtean taldea sortu zenetik,  hiru lan atera ditu dagoeneko laukote zarauztarrak: Delorean (2004), Metropolitan death (2005) eta Into the plateau (2006).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak