Kontsumo Prezioaren Indizea kontuan izanda, orokorrean %5 igoko dira datorren urteko Udal zergak. Aho batez hartu du erabaki hori udalbatzak asteleheneko osoko bilkuran. Zaborra eta estolderia dira salbuespenetako bi; zaborra %10 igoko da baina %23a arte heldu daiteke igoera, eta estolderia %50 igoko da. Beste muturrean daude, adibidez, ibilgailuen gaineko zerga eta kirol zerbitzuak; horiek ez dute igoerarik izango.
Zaborra %23a arte igo daiteke
Debagoieneko Mankomunitatearen aholkuari kasu eginez, zaborra %10 igoko da datorren urte hasieran. Horrela, 20,90 euro ordainduko ditu familia bakoitzak hiru hilero. Baina urtea bukatu orduko beste %13 inguru igo daiteke zerga hori, Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak hartzen duen erabakiaren arabera. Bestalde, estolderia tasa %50 igoko da datorren urtean: 0,285 euro metro kubikoko.
Ur kontsumoak %5eko igoera izango du. Horrela, 50 metro kubiko arteko kontsumoagatik, 0,95 euro metro kubikoko ordainduko du familia normal batek hiru hilero. 50 metro kubiko baino gehiago kontsumitzen badu, metro kubikoaren prezioa 1,50 eurora igoko da. Kopuru horri, gainera, 10,50 euroko tarifa finkoa gehitu behar zaio. Honi lotuta, tarifa berri bat sortuko dute ikastetxeendako. Horiek 0,95 euro ordainduko dute metro kubiko bakoitza. Mizpirualdek ere tarifa bera izango du.
Kirol tasak, berdinak
Kiroldegi, Udal frontoi eta igerilekuari dagokionez, aurtengo prezio berdinak izango dira datorren urtekoak ere. Esaterako, 18 urtetik gora dituen herritarrak 10 euro ordainduko du hilero bainuetxea erabiltzearren, 15 euro igerilekua eta gimnasioa erabiltzeko eta 18 zerbitzu guztiez gozatzeko. Kirol ikastaroetan izena ematea, aldiz, hiru euro gehiago ordaindu beharko da 2009an. Txakurtegiaren zerbitzuak eta ibilgailuen gaineko zergak ere ez dute igoerarik izango datorren urtean. Kanposantuko eta merkatuko tasak %5 igoko dira, baserritarren produktuak dituztenak salbu; horien prezioak lehengoak izango dira. Bestade, ibilgailuak bide publikotik kendu eta Udal depositora eramateak 30,85 euroko kostua izango du. Mizpirualde zaharren egoitzako tasa ere %5 igoko da.