Datorren astean zabalduko dute Zabalotegi aretoa, eraberrituta

iban arantzabal 2008ko ira. 25a, 21:53
Txotxongiloen Mostrarekin zabalduko dute urriaren 2an eta inaugurazioa aste batzuk barru izango da. Areto eraberrituak 120 ikuslerendako tokia du, eta artistendako aldagela eta makillatzeko gela. Formatu txikiko antzerkiak, hitzaldiak, ikastaroak, kontzertuak eta ikuskizunak egiteko prestatu dute, baita zinema emanaldietarako ere. Aretoa badago, ekintzak badatoz eta orain ikus-entzuleek betetzea litzateke dagokiona.

120 lagunendako tokia
Zabalotegi aretoa berritzeko lanak 2007ko urrian hasi zituzten, eta urtebete geroago, prest dago era askotariko ikuskizunak egiteko. "Zinema proiektorerik ez dago, baina bai filmak DVD formatuan emateko modua. Argi eta soinu instalazioak ere berriak dira, adibidez", azaldu du Maider Osa Kultura teknikariak.

Guztira 326,30 metro erabilgarri ditu Zabalotegiko areto eraberrituak: agertokiak 73,45 metro koadro ditu eta eserlekuen tokiak, 112,55.
Beheko solairuan, 120 lagunendako eserlekuak egongo dira agertokiaren aurrean. "Eserlekuak ez dira finkoak izango eta beharra dagoenean kendu egin daitezke, tokia aprobetxatzeko dantza ikastaro bat edo dena delakoa egiteko, adibidez", zehaztu du Kultura teknikariak. Ikusleendako komunak ere behean daude, takilaren ondoan, eta artistendakoak agertoki ondoan: aldagela eta makillatzeko tokia ere hantxe daude. Goiko solairuan, kontrol gela eta bulego bat daude.


Novedades aretoko gortinak
Zabalotegi aretoan, baina, dena ez da berria. "Novedades aretoko gortina batzuk, adibidez, aprobetxatu egin ditugu. Garbitu eta moztu egin ditugu, agertoki berrira egokitzeko. Horiez gainera, hala ere, beste banbalina bat ere erosi behar izan dugu", dio Maider Osak.
Aretoaren obra zibila egitea 337.000 euro kostatu da eta horri gehitu behar zaizkio, besteak beste, agertokiko trusak, horiek igotzeko eta jaisteko motorrak, komunetako altzariak, eserlekuak eta argi eta soinu ekipamenduak. Guztira, 470.000 euro pasako inbertsioa egin du Udalak Zabalotegi aretoan.
Txotxongiloen Mostrako bost ikuskizunek zabalduko dute Zabalotegi areto berritua datorren astean, baina inaugurazioa aste batzuk barru egingo dute. "Aste kultural bat antolatuko dugu aretoa inauguratzeko. Antzerkia, musika eta bestelako ekitaldiak antolatuko ditugu", aurreratu du Maider Osa Kultura teknikariak.


Erdibidean
Agurne Barruso alkateak adierazi du Udalaren helburua dela Miguel Altuna institutua dagoen tokian egitea benetako kultura aretoa. "Zabalotegik ez du betetzen Bergaran kultura mailan dagoen zuloa eta gure helburua lortzeko lanean jarraitzen dugu", dio Barrusok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak