Datorren astean zabalduko dute organo eskoletan izena emateko epea

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko api. 17a, 23:44
Organo eskolak antolatu ditu musika eskolak Elizaren eta Aitor Olea organo jolearen laguntzaz. Organo eskolen berri emateko kontzertu didaktikoa eman zuten apirilaren 7an Pedro Deunaren parrokian. Egitasmoaren helburua organoa Bergarako eta inguruko herrietako herritarrei gerturatzea da, organo joleen artean belaunaldi etenik egon ez dadin.
Elizako koruetan ezkutatuta, instrumentu ezezaguna da organoa gehienontzat. Bada, Bergarako Musika Eskolari, Elizari eta Aitor Olea organo joleari esker, ezezaguna zaigun instrumentua ezagutu eta jotzeko aukera izango da. Izan ere, organo eskolak antolatu guran dabiltza.
Hala, bergararrei organo eskolen berri eman eta interesa pizteko kontzertu didaktikoa egin zuten joan den apirilaren 7an Pedro Deunaren parrokian. Kontzertua Apirilean musika egitasmoaren barruan antolatu zuen Bergarako Musika Eskolak.

Organoa, aurrez aurre
Kontzertu didaktikoa organoaren aurrean jarraitu zuten Pedro Deunaren parrokiara gerturatu zirenak. Ordubete pasatxo iraun zuen emanaldian, Aitor Olea organo jolea eta eskolen irakasle izango dena izan zen gidari. Hasieran organoari buruzko bideo emanaldi laburra izan zen ikusgai, instrumentuari buruzko oinarrizko xehetasunak ezagutarazteko. Gero, Pedro Deunaren parrokiako organoa aurkeztu zuen Oleak, eta horretarako, besteak beste, Schuberten, Dvorak, Verdi eta Beethoven musikarien pieza laburrak jo zituen. Eta bukatzeko, organo errezitaldia egin zuen organo jole durangarrak.
Marije Ugalde Bergaraka Musika Eskolako zuzendariak aditzera eman duenez, kontzertu didaktikoak sortu du nolabaiteko jakin-mina eta, dirudienez, eskolako ikasle batzuk izena emango dute datorren urtean organo eskoletan". Bestalde, Ugaldek gaineratu duenez, "matrikulazio epea pazko osteko astean zabalduko da".
Horretaz guztiaz gain, Ugaldek bergararrentzat ez ezik inguruko edozein herritako gazteei egin die deia organo eskoletan izena emateko, dioenez, "beste herrietan ez baitira organo klaseak ematen". Azkenik, ikasturte amaieran organu berriarekin erakustaldi bat egingo dutela iragarri du eskolako zuzendariak.
 
'Azken mohikanoak'
Oleak organo eskolen helburu nagusia organoa herritar guztiei gerturatzea dela adierazi du. Baina, umeei dago bereziki zuzenduta, egungo belaunaldi etenaldiari aurre egiteko.
Hala ere, ikastaroak beste funtzio garrantzitsu bat izango duela ere jakinarazi du Oleak. Etorkizuneko organo joleak heztea, hain zuzen: "Organoak badaude, baina organo jolerik ez; organo joleok azken mohikanoak gara". Eta hori horrela, dio Oleak, "organo jolerik ez badago, organoa hil egingo da".

Elizak Alemaniatik ekarri duen organo berria asteon hasiko dira muntatzen
Eliza organoaren bizileku izaki, paper garrantzitsua jokatu du Elizak hura salbatzeko, organo txiki bat ekarri du-eta Alemaniatik. Apirilaren 9an heldu zen Bergarara eta asteon hasiko dira muntatzen, Santa Marinako etxean –gero Siervas elizan jarriko dute–. Elizako organoak –"brontosaurioak", Olearen hitzetan– handiegiak dira organoa jotzen ikasteko. Eta Alemaniatik heldu den organoa espresuki zeregin horretarako dago egina.
16 erregistro dituen organoa da, guztiz mekanikoa. 1978an eraikia, hauek dira bere neurriak: 2 metro 15 zentimetroko altuera eta zabalera eta 2 metro eta 25 zentimetroko sakonera. Elizak inbertsio esanguratsua egin du organoa erosten, izugarri garestiak baitira. Bigarren eskukoa izan arren, guztira 45.000 euro inguru xahutu ditu organo berrian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak