Danobat taldeak 100 lanpostu sortuko ditu Bergarako lantegian

Nati Arrieta Larrañaga 2008ko irailaren 25a

Trenbidearen arloan lan egiten duten enpresendako makinak egingo dituzte Mekolaldeko pabiloian urtarriletik aurrera. Mondragon Taldearen barruan dagoen Danobat taldeak 12 milioi euro inbertituko ditu Mekolalden eraikitzen ari diren lantegia egiteko. 8.000 metro karratu ditu.

Trenbideko makineria

Mekolaldeko industrialdean egiten ari diren lantegi horretan, trenbidearen arloan lan egiten duten enpresendako makinak egingo ditu Danobat taldeak. "Makinak bakarrik ez, fabrikaziorako linea automatiko osoak egingo ditugu, ingeniaritza lana barne", azaldu du Antxon Lopezek, Danobateko ordezkariak. "Lan horretarako eskulan kualifikatua behar dugu. Horregatik, sortuko ditugun 100 lanpostu horiek goi mailako kualifikazioa duten langileek beteko dituzte; bertako langileek, ingurukoek, gainera", jarraitu du Lopezek.

CAF eta RENFE, bezeroen artean

Lantegi horretan egingo dituzte, adibidez, trenen gurpilak eta ardatzak egiteko makinak. "Ingeniaritza lan guztia ere Bergaran egingo dugu, proiektu guztia. Baita funtzionamenduan jartzeko prozesua eta langilearen formazioa ere", zehaztu du Danobat taldeko ordezkariak, Antxon Lopezek. "Horrela, CAF izan daiteke bezero potentzial bat. Eta Renfe ere bai, trenen mantentze-lanak egiteko hornikuntza ere egingo dugu-eta", jarraitu du. Mundu guztian saltzea da enpresaren helburua; Bergaran egingo dutenaren %90, hain zuzen, esportatu egingo dute. Indian eta Errusian, adibidez, laguntza teknikoa ere eskainiko dute.

Urtarrilerako

Danobaten Mekolaldeko lantegi horrek 8.000 metro karratu ditu. Urte honen bukaeran edo datorrenaren hasieran zabaldu gura dute. Danobat Mondragon Taldearen barruan dago eta 13 enpresak osatzen dute: horietatik 11 Gipuzkoan daude, bi Bergaran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak