Danobat Railway Systems lantegia eta euren lehenengo lorpena aurkeztu dituzte

Leire Kortabarria 2009ko ira. 28a, 17:37
Danobat Taldeak trenbidearen aldeko apustua egin dute, eta horren lehenengo emaitza aurkeztu dute gaur Mekolaldeko industrialdean: Danobat Railway Systems-en lantegi berria eta han egin duten produktua, Estatuko makina-erreminta sektoreak inoiz izan duen eskaerarik handienari erantzunez egin dutena: trenbideko ardatz muntatuak egiteko munduko lerrorik aurreratuena. 63 milioi euroko eskaria izan da.

Patxi Lopez lehendakariak inauguratu du Mondragon Korporazioko kide den Danobat Taldearen Danobat Railway Systems (DRS) lantegi berria. Euskadiko erakundeetako zein ekonomia munduko ordezkari garrantzitsuenetako asko zeuden hantxe: tartean, Iñaki Arriola Garraio sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Jose Mari Aldekoa Mondragon Korporazioko presidentea, edo Migel Lazpiur Confebask-eko presidentea, beste batzuen artean; Danobat Taldearen aldetik, Rafael Barrenetxea Taldeko zuzendari orokorra eta Antxon Lopez Usoz Danobat Railway Systems-eko zuzendari orokorra, beste batzuen artean. Kazetariak ere asko izan dira; hitzorduak denetariko komunikabideak erakarri ditu Bergarara.

Ekitaldiko protagonista Danobat Railway Systems-en lantegian egin duten lerro berria izan da: treneko ardatz muntatuak egiteko munduko lerro aurreratuena, eta 63 milioiko kostua izan duena. Errusiako TVSZ enpresarendako egin dute Bergaran. Instalazioak eurak 10.000 metro koadrokoak dira, 12 milioiko inbertsioarekin egin dituzte, eta 65 lagunendako lanpostu kualifikatuak sortu ditu. 

Kualifikatutako enplegua, ardatz

Instalaziookin eta muntatze-lerro berriarekin, Danobat Taldearen apustuak modu argian irudikatzen dira, arduradunok behin eta berriz esan duten moduan: "Gure ardatzetako bat da produktuetan oinarritutako politika batetik, sektoreetan oinarritutako batera pasatzea, balio gehitu handia duten sektoreetan oinarrituta; zentzu horretan, trenbidearen aldeko apustua egin nahi dugu, etorkizunean asko haziko delako. Eta, bestetik, kualifikatutako enplegua sortzea, horrek ere balioa sortzen duelako", esan zuen DRSko zuzendari Antxon Lopez Usozek. Gaineratu zuen Danobatek "mundu mailako liderra" izan nahi duela trenbidearen sektoreari "soluzioak ematen".

Lopez lehendakariak euskaraz egin zuen hitzaldiaren hasierako zatia, eta gero, gaztelaniaz, goraipatu egin zituen instalazio berriak, esanez "eredugarriak"  direla "Euskadin gakoa den sektore baten". Bere esanetan, "makina erreminta da Euskadiko ekonomiaren %80, eta industriak jarraitu behar du izaten euskal ekonomiaren motorra". Gaineratu zuen "sektore honen esku" dagoela "krisitik goiz irtetea", eta esan zuen "berrikuntza eta inbertsioa krisitik irteteko giltzarriak" direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak