Atzo San Martzialgo erromeria ospatzen zutela-eta, Bergarako areto futbol txapelketako finala zapatuan, 20:45ean jokatu zuten Eskoriatzako Cipris eta Bergarako Ugarrixa taldeek. Markagailuan gora-behera asko egon ondoren, eskoriatzarrak merezimendu osoz nagusitu ziren 7-5, eta txapeldunaren garaikurra jaso zuten. "Partidu guztietan maila oso ona egon da, eta finalean ere bai.
Eskoriatzako taldeak halako txapelketetan esperientzia duela erakutsi du, eta merezimendu osoz irabazi du", esan zigun txapelketako antolatzaile Jose Luis Beitiak. Unai Colinasek (Ugarrixa) jaso zuen jokalari onenaren saria, eta Mikel Erañak (A Ze Flaxa) jokalari beteranoarena. Finala ilunkaran jokatu zuten arren, Udal Pilotalekua lepo bete zen norgehiagoka ikusteko. "500 bat lagun egon dira finalean. Baina partidu guztietan egundoko giroa egon da harmailetan, baita goizaldean jokatutako partiduetan", esan zigun Beitiak.
Guztira, 20 taldek parte hartu zuten txapelketan., eta aipamen berezia merezi dute BTLS taldeko neskek. "Hirugarren partidura atezain barik etorri dira, eta ezin izan dute bigarren faserako sailkatu".