Caja Rural taldeko Jesus Herrada esprintean nagusitu da Gorla gainean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko mar. 19a, 16:53

Jesus Herrada eta Pello Bilbaok esprint estua izan dute Gorlako gainean; hasiera baten zorion guztiak Naturgas taldeko Bilbaorendako izan diren arren, garaipena Herradak eraman du. Izan ere, hain estua izan da esprinta, txirrindulariek eurek ere ez zekitela nor izan den irabazlea. Naturgas taldeko Bilbaok, garaipena berea zela pentsatuta, "justu" irabazi duela esan digu: "Irabaztekotan, gurpil-azala besterik ez diot atera", zioen. Caja Ruraleko autora joan garenean, berriz, baieztatu digute euren taldeko Jesus Herrada izan dela txapelduna Gorla gainean.

78 txirrindulari izan dira irteera puntuan gaur Bergaran. Osintxu eta Zubillagatik itzulia egin ostean, Gorla igo dute lehenengo aldiz. Ordurako 20 bat laguneko taldea ihes eginda pasatu da; eta, esan behar da uste baino bizkorrago ibili direla txirrindulariak.

Gorlan gora, bakarrik

Gorlatik Aizpurutxora eta Zumarragara egin dute txirrindulariek; ondoren, Deskarga jaitsi eta bigarren aldiz egin diote aurre Gorlako maldei. Bolun gora Jesus Herradak eta Mikel Bizkarrak –Naturgas– egin dute. Helmugarako zazpi kilometro falta zirela, Bizkarrak ihes egin du eta bakarrik egin du ia igoera guztia. Atzetik, baina, gertu zituen Bilbao eta Herrada; hala, bi horiek Bizkarra harrapatu dute helmugarako kilometro bat falta zela. Azkenean, esprintean Caja Rural taldekoa izan da nagusi.

Debagoiendarrak

Debagoiendarrei dagokienez, hiru izan dira irteera puntuan: Iban Caballero 55. tokian sailkatu da, eta Bergarar onenaren saria eroan du; Xabier Arantzeta 61. tokian sartu da; eta, Asier Penabadek lasterketa utzi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak