Buriatiako folkloreak kolorez jantzi zuen San Martin plaza

Arritxu Barruso 2010ko uzt. 24a, 13:59
Atzokoa iluntze exotikoa izan zen Bergarako San Martin plazan; Buriatiako (Errusia siberiarra) Baikalskie Volni taldeak egin zuen exotiko. Alfonbra gorri bat izan zuten eszenatoki bakarra, baina Buriatiakoek ez zuten gehiago behar izan: dantzarien jantzi erregional koloretsu eta biziak eta musikarien instrumentu bitxiak nahikoa izan ziren Bergarako San Martin plaza jantzi eta eszenatoki dotore bilakatzeko.

Baikalskie Volni taldeak Portugaleteko 36. Folklore Jaialdian parte hartu du eta handik Bergarara etortzera gonbidatu zituen Udalak. Esker ona adierazteaz gainera, Agurne Barruso alkateak oroigarri bat eman zien taldeko kideei.

Buriatiako dantzariek lehenengo minututik harrapatu zituzten bergararrak. Gehienek Buriatiako Errepublika non dagoen ere ez zekiten, baina gustuko zuten ikusten eta entzuten ari zirena; txalo zaparradek behintzat, horixe adierazten zuten.

Musikaren dotoreziak eta kalitateak eta dantzen ikusgarritasunak berezi egin zuen atzoko emanaldia, berehala ahazten ez diren horietakoa.

Dantzariek bost dantza ikuskizun egin zituzten, jantzi erregional desberdinak erakutsiz. Dena dela, zalantza barik, ipotx moduko panpin batzuen dantza dibertigarriek eragin zuten barre eta algara gehien. Baikalskie Volni taldeari esker Buriatia aurrerantzean ez da horren hitz arrotza izango Bergaran, eta zuzenean kolore, bizitasun eta alaitasunarekin lotuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak