BTLSk jokalari gutxi ditu Eibarren jokatzeko

Mireia Bikuña 2009ko mar. 19a, 16:23
Antzuolaren aurkako derbiaren ondorioak jasango ditu BTLS taldeak zapatuan Eibartarrak taldearen aurkako partiduan (Unbe futbol zelaia, 15:30). 12 jokalari bakarrik dituzte Ibai Igartzak eta Julen Aranburuk hamaikakoa egiteko. "Aldaketa bakar batekin jokatuko dugu Eibarren, bost jokalari ditugu-eta zigortuta. Antzuolaren kontrako derbian txartel gehiegi ikusi genituen", esan digu taldeko arduradun Jose Luis Beitiak.

Dena den, mahoneroak hiru puntuen bila irtengo dira zapatuan 15:30ean, Unbe futbol zelaira. "Jokalariak gogotsu daude, eta Eibartarrak taldeko jokalariek futbolean ondo egiten duten arren, hiru puntuen bila irtengo gara. Lehen erregional mailan mantentzeko pausu berria eman nahi dugu", esan digu Beitiak.
BTLSk 29 puntu ditu 23 jardunaldi jokatu ondoren, eta Eibartarrak taldeak 26, baina partidu bat gutxiagorekin; hain zuzen ere, atzo Zestoaren aurka jokatu zuena. "Eibarreko taldeak partidua jokatu zuen atzo, eta nekatuago helduko dira biharko partidura. Horrek gure alde egin dezake. Bestela, lehia nahiko parekatua izango da".

Goitik behera datorren taldea

Eibarreko taldea iaz jaitsi zen preferente mailatik, eta denboraldi hasierako helburua goiko postuetan egotea zen; baina, ligak aurrera egin ahala beherantz etorri dira. "Talde indartsua dute, baina urte hasierako helburua bete ezingo dutela ikusi dutenean, indarra galdu egin dute", esan digu Beitiak.
BTLS ordea urte hasierako helburua betetzeko bidean da; alegia, maila mantentzea. Baina ez dakite zenbat puntu beharko dituzten lehen erregionalean geratzeko: "Iaz 32 punturekin mantendu genuen maila, baina aurten gehiago beharko ditugu. Kontua da Bergarak partidu asko irabazi eta puntu asko batu dituela. Hortaz, sailkapenaren erdi inguruan gauden taldeen artean  berdintasun handia dago. Bigarren erregionalera hiru talde jaisten dira, eta oraindik zazpi partidu falta dira liga bukatzeko", diote BTLSko arduradunek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak