EAJ eta PSE-EEren mozio "etikoa"
Guztira hiru mozio aurkeztu dira. Batetik, PSE-EE eta EAJren mozio "etikoa" eta, horretaz gain, Aralarren eta EAE-ANVren mozio alternatibo bana. Lehenengoa, aretoan zeuden jeltzaleen hiru zinegotzien eta PSE-EEren bi botoak izan ditu alde mozio horrek. Guztira, bost. EAE-ANV (6 boto) eta Aralar (3 boto) aurka agertu dira eta EAko zinegotzia abstenitu egin da. Lehen mozio horrek dio "bakeari eta normalizazio politikoari modu eraginkorrean" lagundu behar zaiola eta "herri honetako Udal karguek zalantzarik gabeko konpromisoa hartu behar dutela, pertsona guztiek merezi duten eskubideen defentsan, hauek urratzeko edonolako saiakera arbuiatuz".
Aralarren eta EAE-ANVren mozio alternatiboak
Aralarrek aurkeztu duen mozioak, berriz, Aralarren (3 boto) eta EAren aldeko botoa jaso du. EAE-ANVko 6 zinegotziak kontra bozkatu dute, eta EAJ (3 boto) eta PSE-EE (bi boto) abstenitu egin dira. Aralarrek aurkeztu duen mozioan, lehen puntuan EAJ eta PSE-EEk aurkeztutakoarekin bat egin du, baina ez hirugarren puntuan. Izan ere, Aralarren mozioan esaten da "Udal ordezkarien jarrera txartzat hartzen" dutela; aldiz, EAJ eta PSE-EEren mozioan "gobernu karguak uztea exijitzen die".
Azkenik, EAEk hirugarren mozio bat aurkeztu du. Honen alde EAE-ANVko 6 zinegotziek bozkatu dute, eta kontra, berriz, sozialisten bi zinegotziek eta EAJko hirurek. EA abstenitu egin da. EAEren ustez "Ezker abertzalearen aurkako zentsura mozioak ez dira ezer berriak Euskal Herrian. Ezker abertzalea isolatzeko eta kriminalizatzeko joera eta errezeta horiek sarri erabili dira herri honetan".
Osoko Bilkuren aretoa goraino
Ikusmin handia sortu du Osoko Bilkurak eta joan den astean Arrasaten gertatu bezala, hedabide ugari izan da aretoan. Herritar asko ere bai. Gehienak EAE-ANVko jarraitzaileak. Hala, haien aldeko oihu ugari entzun dira, eta EAJ eta PSE-EEren aurkakoak. Hiru mozioak bozkatu ostean, bertan bildutako zinegotziek ez dute hitzik hartu, Agurne Barruso alkateak izan ezik. Honek, zera aipatu du EAE-ANVk aurkeztutako mozioaren harira: "Ezker abertzalea alde batera uztea ez da bidea gatazka politikoari heltzeko", eta gaineratu du, EAE-ANVko zinegotziak "legeak hala dioelako" daudela udal karguetan, eta pasa den maiatzaren 27an herriak beraiengan jarri zutelako konfiantza, eta karguan daramatzaten hamar hilabeteetan, orain arteko jardun demokratiko eta zabalena beraiena izan dela. Barrusoren ondoren, aretoan batutako bi herritarrek ere hitz egin dute, Jesus Mari Garitanok eta Mikel Egurenek, biak ere ezker abertzaleko zinegotzi izandakoak. Bereziki EAJ kritikatu dute, baina baita sozialistak ere.