'Bost lerro' eta jende asko Musika Eskolako liburuaren aurkezpen ekitaldian

Arritxu Barruso 2009ko abe. 19a, 20:59
Triptiko bat izan behar zena 192 orriko liburu mardula bilakatu da; Bergarako Musika Eskolaren 25 urteko historia jasotzen duen liburu mardula. "25. urteurrena ospatzeko triptiko edo kartel moduko bat egitea zen lehenengo gure asmoa, baina, informazioa batzen hasi eta berehala ikusi genuen triptiko bat ez zela nahikoa; liburu bat idatzi behar genuen", azaldu digu Manu Diaz liburuaren egileak, gaur, aurkezpen ekitaldian.

Liburuak oso interesgarriak izan arren, horien aurkezpenak batzuetan aspergarri xamarrak izaten dira edo egiten zaizkigu kazetarioi. Bihotz alaia dugulako liburuaren aurkezpenean ezin horrelakorik esan. Bergarako Musika Eskolako kideek beste behin ere erakutsi dute bihotz alaia dutela eta gauza guztiak maitasun, alaitasun eta gogo handiz egiten dituztela.
Bergarako Kultura zinegotzi Enara Mingezek, Musika Eskolako lehendakari Leo Juaristik eta Musika Eskolako zuzendari Marije Ugaldek hartu dute parte liburuaren aurkezpen ekitaldian. Horien ostean eguneko protagonistaren hitzak etorri dira, liburuaren egilearenak. Inprobisatu egin behar izan zuen; aurkezpenerako idatzi zituen hamabost orriak galdu egin zituela azaldu du Diazek. Inprobisazio lan bikaina egin du eta argi geratu da Musika Eskolak 25 urte hauetan gauza asko eman dizkiola. Berak, orain, liburu bat eman dio Musika Eskolari.
Ekitaldia, nola ez, musikarekin amaitu da. Ikasleek eta irakasleek osatutako instrumentu taldeak eta gaztetxoen abesbatzak bi abesti jo dituzte: Musika Eskolako martxa, Bihotz alaia dugulako eta Bost lerro, urteurrenerako propio gertatua. Azken hau bi bider entzuteko aukera izan da eta bietan ere osoko bilkuren aretoa txaloka ipintzea lortu dute. Zergatik? Kantu horrek ere bihotz alaia daukalako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak