Bonbulu-Urteaga: bi aukera landu ditu Udalak bidegorrirako

Edu Mendibil 2009ko mar. 13a, 11:54

Asteleheneko ezohiko osoko bilkurak hasiera baten luze joko zuela ematen zuen, baina gai zerrendan jasotako hamar puntuak (bi kanpo geratu ziren azkenean) di-da baten onartu zituzten; guztiak aho batez, gainera. Horietako bat Bergara-Antzuola bidegorriari egindako alegazioak izan zen.

Bergara-Antzuola bidegorriaren proiektuari dagokionez, alegazioak aurkeztea adostu zuen udalbatzak. Camino Real izenarekin ezagutzen den zatia Uzarragara joateko bidea hasten den lekuan hasten da, Matzerreka paraleloki jarraituz, Antzuolarantz zuzentzen da errepidearen eskuma aldetik, errekaren gainetik pasatuz. Bergarako Udalaren iritziz, txirrindu eta oinezkoen bideak afekzio handia sortzen du, gaur dagoen antolamendua hankaz gora jarriz.

Bonbulu-Urteaga pabilioiko sartu-irteerari soluzioa emateko Udalak auto eta kamioiendako aparkaleku berria egitea proposatu du, proiektuko desjabetzak handituz: "Bidegorriak pabiloiaren aurrealdean zati handi bat kendu eta zama lanetarako sortzen dituen arazoei irtenbide egokia emateko, iruditzen zaigu egokiena ekialdeko eremuan lurzoru erreserba sortzea dela Foru Aldundiak industriei kentzen dion mugikortasuna bermatzeko", dio idatziak. 

Inguru horretan beste proposamen bat aurkeztu dio Udalak Diputazioari, bidegorria Bonbulutik Urteagara ibaiaren ezkerraldetik joatea alegia. Alternatiba hori garestiagoa litzateke, baina alderdi guztien oniritzia du baita. Bestalde, kirol ikuspuntutik, erabiltzaile potentzial guztien errealitatea jaso eta  arau, seinale eta bidegorri eraikuntzan denak kontuan izatea azpimarratzen du Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak