Boluko hiru igogailuren egiturak abuzturako bukatuko dituzte

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko uztailaren 13a

Aurrera doaz Bolurako lau igogailuetako lanak. Irailean hasiko dira altxaera plaka eta beirak jartzen igogailuetako hiruri. Laugarreneko lanak irailean hasiko dituzte

Boluko auzotarren irisgarritasuna bermatzeko eraikitzen diharduten igogailuetako lanak abiadura onean doaz. Lau igogailu egingo dituzte eta dagoeneko hiruren lanak aurreratuta daude, Zetabi Arkitektura Bulegokotik –proiektua egin duen bulegoa eta baita obren zuzendaritza daramana ere– azaldutakoaren arabera. 

Hiru igogailutan lanean

Lanak hasi zituzten Santa Ana parkea Bolu kalearekin lotuko duen igogailuarekin, maiatzean, eta Artzamendi eraikuntza enpresa ari da egiten. Dagoeneko hormigoizko egitura bukatuta dago eta orain egitura metalikoarekin dihardute.

Errepide nagusia Koldo Eleizalde kalearekin lotuko duen igogailuari dagokionez, Santa Anako igogailuaren ia epe berean hasi zituzten lanak. Igogailua egiten dihardute eskaileren ondoan eta horiek ere berritzen dihardute. Igogailuari dagokionez, hormigoizko egitura bukatu dute. Eskaileretako lanei dagokienez, berriz, aldaketa bat egon da: proiektuak eskaileren beheko zatia bota eta berriak egitea aurreikusten bazuen ere, gainerakoak ere egoera txarrean daudela ikusi dute eta guztiak berritzea erabaki dute.

Hirugarren igogailua –Bolu kalea Beart elkartearen egoitza dagoen gunearekin lotuko duena– egiteko lanak ere hasita daude.. Hango eskailerak eraitsi egin dituzte eta zoru berria egin dute. Igogailuaren egiturarekin laster hasiko dira.
Zetabiko arkitektoek aurreikusten dute hiru igogailuon egiturak abuzturako erabat bukatuta egotea.

Igogailuak eraikitzeko lanekin batera oinarrizko hiri azpiegiturak –telefonia, argindarra, argiteria…– ere proiektura egokitu dituzte.

Hurrengo urratsak

Zetabitik aurreratu dutenez, irailean hasiko dira igogailuei altxaerako plaka eta beirak jartzen. Bestetik, Koldo Eleizalde eta Iraburu kalea lotuko dituen laugarren igogailua eraikitzen ere irailean hasiko dira. Igogailuarekin hasi aurretik eustorma egin behar dute.

Igogailuak

Santa Ana parkea Bolu kalearekin lotuko duen igogailua:

Boluko igogailua

Santa Ana parkea Bolu kalearekin lotuko duen igogailua errepide nagusitik begiratuta:

Boluko igogailua

Bolu kaleko beheko partea goiko partearekin lotuko duen igogailua egokituko dute eskailerak zeuden lekuan:

Boluko igogailua

Errepide nagusitik Koldo Eleizaldera igotzeko eskailerak bota eta berriak eraikiko dituzte:

Boluko igogailua

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak