Bolu auzoan eraikitako hiru igogailuak martxan daude

Txomin Madina Milikua 2009ko abe. 29a, 11:34
Joan den asteazkenaz geroztik erabilgarri daude dagoeneko Bergarako Bolu auzoko etxebizitzetara igotzeko eraikitako hiru igogailuak. Dagoeneko auzotar ugari ibili dira berauetan gora eta behera, eta orokorrean gustura agertu dira zerbitzuarekin. Behar handia zegoela gaineratu digute askok.

Bergarako Bolu auzoan bizi diren auzotarrek aldapan gora eta aldapan behera ibili beharra izan zuten orain arte erdigunera joan nahi bazuten behintzat. Eta lan hori gogortu egiten zen adinean aurrera joan ahala, erosketak egin ostean edota umeen karrotxoarekin ibili beharra izanez gero. Olentzero baina, eskuzabal etorri da aurten, eta dagoeneko erabilgarri daude auzoko maila ezberdinetara igotzeko eraikitako hiru igogailuak. Erabili dituzten auzotarrek, balorazio positiboa egiten dute. 

Lau igogailu guztira

Esan bezala, hiru dira ireki dituzten igogailuak eta kalkulatzen da 601 etxebizitzari emango diotela zerbitzua, 2500 bergarar ingururi. Lehenengo igogailua, Santa Ana parkean hasten da, 8 metro eta 39 zentimetroko altuera du. Bigarrenak aurrekoari jarraipena ematen dio Bolu kalean gora eta hamaika metroko garaiera du. Hirugarrenak hamar metro t'erdi ditu, eta Koldo Eleizalderaino igotzen da. Goizeko zazpietatik gaueko hamaikak arte egongo dira irekita. Auzotarren iritziz, beharrezkoa zen aldapei horrelako konponbide bat ematea. 

Laugarren igogailua ere egingo dute. Laugarren hau, otsaila amaierarako bukatuta egotea aurreikusten du Bergarako Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak