Urte hauetan guztietan zehar, ugariak izan dira Fundacion Solidaridad Compañia de Mariak (Fisc) egin izan dituen lanak. Erakundearen arduradunen arabera, helburuetako batzuk honako hauek dira: solidaritatean heztea, pobrezia jasaten duten taldeen garapena bideratzea, lehentasuna haurrei eta emakumeei emanez; eta beharrezkoak diren proiektuak aurrera eramateko dirulaguntzak lortzea.
Hain zuzen ere, egoera latzenetan dauden herrietan lan egiteaz gain, gure testuinguruan sentsibilizazioa lantzeaz arduratzen dira Fisc-eko kideak. Bergaran, hainbat bazkide dauzka gobernuz kanpoko erakundeak.
Heziketa plataforma Kongon
Arrasateko HiperEroskin dagoen Harreman dendarekin konpromisoa dauka Fisc-ek duela hamar bat urtetik; han, elkarlana sustatzen saiatzen dira hainbat erakunde. Arrasaten saltzen diren produktuak lan baldintza duinetan egindakoak dira.
Zapatuko jardunaldira bueltatuz, lortutako diruak Kongoko Kinshasa hiriburuko biztanlerik zigortuenen egoera hobetzen lagunduko du. Selembao auzoko Heziketa Plataformaren eraikuntzarekin jarraitzea da Fiscen asmoa. Aipatutako eraikina 2006an eraikitzen hasi ziren, eta 2008rako amaituta egotea aurreikusten da. 1.500 ikasle inguru jasoko ditu, haur hezkuntzatik hasi eta lanbide heziketa bitartekoak. Era berean, auzoko ekintza sozialetarako bideratuko dute.
Esan bezala, zapatuan bidezko merkataritza postua jarriko dute Fisc-ekoek Bergaran. Denda zabalik izango da San Martin plazan, 10:00etatik 14:00etara. Kinshasako proiekturako propio sortutako artisau produktuak eta elikadura eta artisau produktuak salduko dituzte. Herritarrak plazara hurbiltzera eta laguntza kanpainan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte.