Bideberri-Zubieta guneko lanak errekan hasi dituzte

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko mai. 11a, 17:47
Bideberriko errepidea bi noranzko bihurtuko dute eta Zubietarako bidegurutze egokia egingo. Lehenengo lan izango da erreka zuzenago jartzea

Dagoeneko hasi dira Bideberri-Zubieta eremua berrurbanizatzeko lanak. Eguzki SL enpresak dihardu lanok egiten, Sestra  enpresak egindako proiektuan oinarrituta. Proiektuak kontuan hartzen duen eremua da Bideberri-Zubieta bidegurutzean hasi eta Irizar kalearen eta Santa Marina zubiaren hasieraraino.

Lanon helburu nagusia da,  Bideberri pasealekua ibilgailuendako bi noranzko bihurtzea, erdiguneko trafikoa arintzeko. Horrekin batera, beste hobekuntza batzuk ere ekarriko ditu: Bideberri eta Zubieta kalearen arteko bidegurutzea hobetzea eta zonaldean dagoen espaloi gabeziari irtenbidea ematea.

Lanok egiteko zortzi hil inguru behar izango dira eta aurrekontuari dagokionez, 906.900,38 eurotan esleitu ditu Udalak. 

Bergara: Bideberri-Zubieta proiektua
Goiko planoan ikus daiteke lanek Bideberriko inguruneari emango dioten itxura berria.

Deba ibaia zuzenago

Deba errekan hasi dituzte lanak. Izan ere, espazioa irabazi nahi dute eta horretarako,erreka zuzenagoa egingo dute. Erreka zuzenagoa egiteko, bidegurutze aldera duen bihurgunearen radioa  txikitu egingo dute. Horrekin batera, errekaren ertz horretako eustorma ere berria egingo dute, gaur egungoaren harlagaitzezkoari jarraipena emanez.

Bestetik, errekaren ertz horretan uraren mailan egongo den bi metro zabaleko bidetxoa egingo dute eustormaren luzera guztian. Bidetxo hori egingo dute Jaurlaritzako Ur Agentziak ala araututa duelako.

Errekaren beste aldeari dagokionez, Usondo parkearen ertzari, Krainer motako –lurrez eta harriz betetzen diren egurrezko kutxa antzekoak– tramaketa jarriko dute eta parkeari jarraipena emango dion ezponda txikia ere egingo dute. Parkea ahalik eta gutxien ukitzea izan da helburua.

Bideberri, bi noranzkoa

Bi noranzkoa izango den errepideak 155 metroko luzera izango du –bidegurutzean hasi eta Irizar kaleraino– eta zazpi metroko zabalera. Eskuineko espaloiak –Eroski aurrekoak– hiru metroko zabalera izango du eta ezkerrekoak, bi. Horrekin batera, albo banatan aparkalekuak egongo dira: bost eskuineko aldean eta 21 ezkerrekoan. Gaur egun 80 autorendako ordenatutako aparkalekua dago, nahiz eta 120 bat autok aparkatzen duen

Bidegurutzea T forman

Zubieta eta Bideberri arteko bidegurutzeari dagokionez, T forman aurreikusi dute, eta erdian zoruan margotutako irlatxo antzekoa izango du, zirkulazioa antolatzeko, seinaleen laguntzarekin. Errepidea zuzenagoa ere egingo dute Bideberriko azken muturrean. Oinezkoendako espaloia egongo da Zubieta 5 zenbakiraino.

Bideberriko zuhaiztiari dagokionez, mantendu egingo dute, eta ingurunea erabat txukundu. Argiteria ere erabat berrituko dute eta La Churre lekuz apur bat aldatzeaz gain berria jarriko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak