Bide Ertzean zapatuan Zabalotegin

Edu Mendibil 2009ko azaroaren 6a

Bide Ertzean taldeak emanaldia egingo du bihar, zapatua, Zabalotegin, 22:30ean. Fran Iturbe gitarra jole bergararrak dihardu tolosarrekin. Kontzerturako sarrerak 5 eurotan jarriko dituzte salgai.

Hamaika urteko ibilbidearen ostean, musika talde erreferenteetako bat bilakatu da Bide Ertzean; ez dira ez bide ertzean geratu tolosarrak. Bai, dagoeneko hamaika urte igaro dira Ubeda anaiek eta Karlos Arantzegi bateria-joleak bost kantuz osatutako lehen CD hura kaleratu zutenetik. Ordutik hona euren estiloari eutsi diote. Eta, kantuz kantu, euren proposamena findu, euren estiloa zehaztu eta euren ibilbidea sendotzea lortu dute. Zapatuan, taldearen 10. urteurrena ospatzeko kaleratutako Leidor sessions zuzenekoarekin etorriko dira Bergarara. 

Zapatuko kontzertuko beste pizgarrietako bat Fran Iturbek etxean jotzea izango da. AEBetan bizi da azken urteotan, baina ia hasieratik jotzen du tolosarrekin. Imanol Ubedak hitz onak besterik ez du Iturberendako: "Betitik miretsi izan dugu Franen lana, eta, halako baten, gurekin joko ote zuen galdetzeko balentria izan genuen. Musikalki nortasun berezia eman dio taldeari, nortasun berezia duelako gitarra jotzen. Sendotasunean eta errekurtsoetan asko irabazi dugu harekin. Joserrak eta Franek gurera ekarri dute kanpoan ikasitakoa, eta guretako aberasgarria da hori". Franen arabera, betiere berezia da herrian jotzea, nahiz eta aspalditik kanpoan bizi. Azken aldiz Bergaran Gozategi anaiekin jo nuen, San Martin jai batzuetan, oker ez baldin banabil".

Ubeda anaiekin eta Fran Iturberekin batera, Karlos Arantzegik bateria joko du zapatuko kontzertuan. Laukotea izango da, beraz, taula gainean, Joserra Senperena piano-jolea ez baita Zabalotegin izango. Birako hirugarren hitzordua izango da Bergarakoa, martitzeneko Bilboko Kafe Antzokiko kontzertuaren eta gaurko (egubakoitza) Andoainen iragarritakoaren ostean.

Pop estilo dotorea, ausarta, eta kantuen letra zainduak dira taldearen ikurretako bi. Imanol Ubedak zera dio: "Bilakaera handia egin dugu hasi ginenetik hona eta barruan daramaguna taula gainean islatzen saiatzen gara oraindik. Eta argi dago taldea bilgune bat dela guretako. Agenda arazoak direla-eta, lagunek beti egiten dute elkartzeko ahalegina, eta, zorionez, hor segitzen dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak