Goizaldeko bostak aldera, Bergaran zaintza zerbitzua egiten zuen patruila batek bi gizonezko atzeman ditu Martoko kaletik ihes egiten polizia ibilgailua ikusi ondoren. Ertzainak atzetik irten dira eta metro batzuetara susmagarrietako bat harrapatu dute. Ertzaintzaren arabera gizonak zenbait objektu ezkutatu ditu zuhaixka batzuen atzean. Susmagarria atxiki ondoren 17 urteko adingabekoa zela egiaztatu dute. Zuhaixken artean ordenagailu-pantaila bat, inprimagailu bat, irrati CD bat eta DVD grabagailu bat ezkutatu zituen, ertzainen arabera. Adingabekoak objektu horiek ibilgailu batzuetatik lapurtu zituela adierazi du. Agenteek gizona atxilotu eta Ertzain-etxera eraman dute.
Ordu bete beranduago, beste patruila batek San Antonio kalean, beste atxiloketa gertatu den lekutik hurbil, gizon bat atzeman du ibilgailu baten barruan. Ertzainek gizon gori identifikatu dute, eta ibilgailua, Seat Ibiza bat, berea zela egiaztatu dute. Begizko ikuskapenean agenteek zenbait irrati CD, radar-detektagailu bat, GPS bat, hiru MP3, aurkitu dituzte, beste objektuen artean. Ertzainek gizona atxilotu dute ibilgailuetan lapurreta egiteagatik.
Atxilotuak, 17 eta 43 urteko gizonezkoak, hurrengo orduetan epailearen esku jarriko dituzte.
Ertzaintza bestalde, konfiskatutako objektuen jatorria ikertzen ari da, ibilgailuen jabeek salaketa egiteko zain dauden bitartean. Gainera, atxilotuek azken egunetan Bergaran eta Antzuolan gertatutako beste lapurretetan parte hartu duten ikertzen ari dira.