Atzo, domeka, 19:00ak aldera gertatu zen guztia. GI-627 errepidetik zihoan patruila bateko agenteek bi pertsona ikusi zituzten enpresa baten alboan aparkatuta zegoen kamioi baten ondoan; gizonezkoetako batek autoen pieza bi zeramatzan eskuartean.
Egoera susmagarria iruditu zitzaien ertzainei eta haiengana hurbildu ziren bi gizonezkoak identifikatzeko. Kamioiaren barruan metalezko pieza gehiago aurkitu zituzten ertzainek eta egiaztatu ahal izan zutenez, pieza horiek inguruetan zegoen enpresa baten kontainerretan gordeta zeuden berberak ziren. Enpresa hura bi metro inguruko altuera zuen hesi batek inguratzen zuen.
Dirudienez, gizonezkoetako batek, hesia igo ostean, barrura sartzea lortu zuen eta metalezko hainbat pieza atera zituen gero kamioian sartzeko. Hau ikusita, ertzainek gizonezko biak atxilotu zituzten ustezko lapurreta delitu bat leporatuta.