Bi aste barru zabalduko dute San Antonioko pasealeku eraberritua

Jasone Zabala 2008ko urriaren 13a

San Antonioko urbanizazio lanak amaitzear daude. Joxe Mari Etxeberria Udaleko aparejadorearekin egon gara, eta datozen bi asteen barruan San Antonio kaleko pasabidea prest egongo dela adierazi digu. Bere esanetan, lanek martxa ona daramate. Argiteria lanak eta beste lan txiki batzuk falta dira pasealekua guztiz bukatuta egoteko.

"Udalari dagokion aldetik, dena amaituta dago; Orain Iberdrolaren lana falta da; lanak egin diren 200 metroetan zehar argia sartzea eta beste lan txiki batzuk egitea falta da", adierazi digu Etxeberriak.

216.517 euroko aurrekontua

Zumelaga jatetxearen pareko aparkalekua kendu egin dute eta lanak egin dituzten zatian autoak ilaran aparkatzeko aparkalekuak ipini dituzte.
Beste gauza batzuen artean, espaloia berritu, oinezkoendako bideak txukundu, berdeguneak ipini, jarleku berriak, argiteria berria eta beste aparkaleku batzuk sortu dituzte. Etxeberriak gaineratu du, hasierako aurrekontuarekin alderatuta –216.517 euro– ez dela inongo aldaketarik egon, hau da, ez dela diru gehiago gastatu behar izan. Lan horiek egiteko sortu izan daitezkeen zailtasunen gainean, Udaleko aparejadoreak esan digu lan erraza izan dela, orokorrean zailtasunik gabekoa. Txukunketa eta konponketa guztiak egiteko bi hilabete inguru behar izan dituzte. Behin lanak amaituta Etxeberriak adierazi du: San Antonio kalea "asko egokitu da, asko lasaitu da, berritu egin da eta amaitu gabe zeuden gauza batzuk amaitu egin dira", adierazi du Etxeberriak.
Behin dena txukundu ondoren, pasealekua prest egongo da berriz erabiltzeko. Baina lanek iraun duten bitartean ere, hainbat izan dira herritarren kexak pasabideak zuen egoera zela eta. Zenbait bizilagunen iritziz, nahiko arriskutsua zen bertatik pasatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak