Beti-Busti elkarteak kolorez eta arrakastaz egin zuen festa

Maider Arregi 2008ko abe. 21a, 16:21
Zapatu arratsaldean egin zuen Beti-Busti elkarteak kayak festa. Elkarteko kideek balorazio oso positiboa egin dute. Izan ere, uste baino jende gehiago eta parte hartzaile gehiago elkartu zen Bideberrin. Ikusmin handia piztu zuen festa berezia izan zen. Gainera, salgai jarritako egutegi guztiak agortu ziren.


Jendeari kirol mota hau gerturatu eta erakusteko aukera aparta izan zutela adierazi digu Mikel Usabiaga Beti-Busti elkarteko kideak. "Kirolarien parte hartzea nabarmendu gura dugu, baita bertara gerturatutakoen laguntza ere. Guzti hau aurrera eramatea posible egin dutenei eta laguntza eman digutenei eskerrak eman nahi dizkiegu". Kirolariak oso pozik azaldu ziren. Bertan izan zen Ander Elosegi irundarra. Lehen mailako kirolaria da Elosegi. Beijingo Joko Olinpikoetan laugarren postua eskuratu zuen kanoa modalitatean. "Iniziatiba polita antolatu dute. Esperientzia aparta izan da. Kirol hau ez da oso ezaguna eta indartu egin behar da jendeak ezagutzeko". Elosegik adierazi du lan handia egin behar dela, baina sakrifizioak merezi duela. Orain, Londresko Joko Olinpikoetarako prestatuko da.

27 parte hartzaile

Modalitate ezberdinak ikusgai: kanoak eta kayak, banaka edota binakako modalitatean. Slalom paraleloko probaren azkartasunak aho bete hortz utzi zituzten ikusleak. Azkartasuna baita proba honek daukan zailtasuna eta ikusgarritasuna. Proba berezia zen eta kuriositate handia sortu zuen. Gainera, lehen aldia da horrelako slalom paraleloko proba bat gauez egiten dena, bai Euskal Herrian eta baita Espainiako Estatuan ere. "Berrikuntza handia izan da, gauez eta ibaia argiztatuta. Musika eta argiteriak ikusgarria egin du proba eta jende asko erakarri du. Jendearengana hurbiltzeko bide bikaina izan dela uste dugu".

Beti-Busti elkartea

Interesatuek eta Beti-Busti elkarteko kide izan nahi duten guztiek ateak zabalik dituzte. Astelehenetik barikura, 17:30etik aurrera, Labegaraietako kiroldegiaren atzealdeko eraikinean izango dira elkarteko kideak bertaratzen diren guztiei arreta zerbitzua emateko.
Bestalde aipatu, zozketatutako saskia Iñaki Alberdiri tokatu zitzaiola. Gainera, elkarteko kideek adierazi dute, egutegia eskuratu nahi dutenek 943 76 14 95 telefonora deitu beharko dutela.

Sailkapena

MUTILAK

Seniorrak        
Kayak modalitatea  Aritz Fernandez
Kanoan banaka    Ander Elosegi
Kanoan binaka    Goikoetxea bikotea
Kadeteak
kayak modalitatea    Xabier Jauregi

NESKAK

Seniorrak     
Kayak modalitatea    Irati Goikoetxea
Kanoan binaka         Otaño-Molino bikotea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak