Beste udal eredu bat bultzatzeko konpromisoa hartu dute EAE-ANVko alkateek Bergaran

Arritxu Barruso 2007ko eka. 27a, 17:52
Eusko Abertzale Ekintzako lau herrialdeetako alkateak Bergaran agerraldia egin dute gaur. Udaletan gardentasuna eta herritarren parte-hartzea ziurtatuko duten eredua lortu nahi dute eta horretarako hartuko dituzten konpromisoak azaldu dituzte.

Bergarako alkate, Agurne Barrusok eta Hernaniko alkate Marian Beitialarrangoitiak Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako EAEren alkateen izenean hitz egin dute. Biek ere esan dute herriaren borondateri zor dietela dauden lekuan egotea eta borondate horri jarraituz egingo dutela lan datorren lau urteetan.

Orain arteko udalen eredua

Barrusok azaldu du pasa diren hauteskundeetatik ateratako ondorio garrantzitsuena dela herritarrek orain arte udaletan zegoen ereduari ezetza eman dietela.

Agurne Barruso Bergarako alkateak azaldu duenez "herriak aski da esan dio dekretu bidez gobernatzeko ereduari eta alkate presidentzialistek egin duten kudeaketari".

Beste eredu bat bultzatuko dute

Barrusok uste du lau urtean behin bozka jaso duten alderdiek herria eta bere iritzia kontuan izan gabe gobernatu dutela eta eremu publikoan etekinak ateratzeko esku pribatuari ateak zabaldu dizkietela. "Horri guztiari, aski da esan dio herriak, eta guk beste eredu bat bultzatuko dugu eta horretarako konpromisoak hartuko ditugu", adierazi du Barrusok.

Eredu berri hori lortzeko urrats sendoak emateko beharra aldarrikatu dute eta norabide horretan hartuko dituzten konpromisoak azaldu dituzte.

Barrusok esan du lehenengo egitekoa udal guztietan kontu-ikuskapen independente bat egitea izango dela, udalaren egoera zein den jakiteko eta egoera hori herritarrei jakinarazteko. Udalean liberatzeko erabakia hartu duten kargu publikoen soldatak jaisteko konpromisoa ere azaldu du Barrusok: "Azken urteotan liberatuen kopurua eta soldatak biderkatu egin dira, eta guk kopuru horiek murrizteko konpromisoa hartzen dugu, bestetik azpiegitura eta makroproiektuei dagonionean herriari hitza emango diogu".

Eusko Abertzale Ekintzak hartutako konpromiso hauek herriaren parte-hartzean eta demokrazian oinarritu behar direla esan dute. Barrusok azaldu du eurek zuzentzen dituzten udaletara haize berria ekarriko dutela. 
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak