Hori da Labegaraietako edukiera eta Internet bidez salgai ipinitako sarrera guztiak martitzen goizerako salduak ziren. Egunean bertan, txarteldegian 250 sarrera salduko dituzte. 16:00etan.
Jendaurrean daukaten onena emanez bertsolariek honako ariketak egin beharko dituzte: ofizioka zortziko handian hiruna bertso; beste hiruna txikian; hiruna punturi erantzun; beste hiruna bertso seiko motzean ofizioka; eta kartzelako gaiari erantzunez azken hiru bertsoak.
Bigarren itzulia
Saio puntuagarria amaituta, lehenengo sailkatzen denak finalerdietako bigarren itzulian Donostian jardungo du azaroaren 29an. Aurrez, finalaurreko lehen itzulian hiru saio gehiago jokatu behar dira: Gasteizen azaroaren 8an, Tolosan hilaren 14an, non Ainhoa Agirreazaldegi elgetarrak kantatuko duen; eta Hendaian 15ean. Finalaurrekoen lehen itzulia jokatuta sei bertsolari txapelketatik kanpo geldituko dira eta gainontzekoek Gernikan, Iruñean eta Donostian jokoan izango dute finalerako pasea.
Guztia ez da lehia, baina, eta bertsoez gozatu eta errusiar mendian bezala doinu eta errimen emozioetan murgildu nahi dutenek zapatuan Bergaran hasita badute, bidaiaren amaierara, BECeko abenduaren 13ko finalera bitartean bertsolariak entzuteko nahiko aukera.