'Berriketan' egitasmoa martxan da berriz ere

Oihana Elorza Gorostiza 2008ko irailaren 24a

Euskaldun zahar eta berriak taldeka antolatzen dira euskara bultzatzeko eta zabaltzeko.

Jardun elkarteak Berriketan egitasmoa jarri du martxan berriz ere. Hirugarren aldiz, euskaldun zahar eta berriak elkartu gura ditu taldeka, euskararen erabilera bultzatzeko eta zabaltzeko helburuarekin.

Gero eta talde gehiago
Hirugarren urtez antolatu du Jardunek Berriketan egitasmoa eta urtetik urtera gehitzen joan da partehartzaile kopurua. "Aurtengo izenemate epea zabalik dago oraindik baina lehen urtean, adibidez, 12 talde osatu ziren eta bigarrenean, joan den ikasturtean, 15", azaldu du Maitane Arizabaletak, Berriketan proiektuaren koordinatzaileak. Taldeak, talde txikiak izaten dira, gehienez ere lau lagunetakoak. "Normalean, euskaldun zahar batek eta bi euskaldun berrik osatzen dituzte taldeak", zehaztu du Arizabaletak.

Ikasleak, langileak, gazteak, helduak, euskaldun zaharrak zein gazteak hartzen dute parte egitasmo honetan. Baldintza bakarra da astean ordubetez elkartzea. "Talde bakoitzak bere planak egiten ditu: paseatzera joan, kirola egin, Aroztegiko erakusketa ikustera joan ...", dio Jarduneko Maitane Arizabaletak. Talde bakoitzak egiten dituen hitzorduez gain, urtean zehar hainbat ekitaldi antolatzen dituzte partehartzaile guztiendako, adibidez: kultura irteerak, mendi ibilaldiak edo afariak.

Topagunean sartuta
Jardunek antolatzen duen Berriketan egitasmoa Topagunean dago sartuta. Horrela, urtean behin, egun osoko irteera bat egiten dute Euskal Herriko beste herri batzuetako partehartzaileekin batera, herri ezberdinetako berba lagunekin batera.

Berriketan egitasmoan parte hartzeko izenematea zabalik dago. Jarduneko bulegoetan edo telefonoz eman daiteke izena. Hauxe da zenbakia: 943 76 36 61

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak