Ehun gimnastatik gora izan ziren zapatuan Bergarako Labegaraieta kiroldegian, Gimnasia erritmikoko Ariznoa elkarteak antolatutako eskola arteko B mailako txapelketan. Debagoieneko talde parte hartzaile bakarra zen Bergarakoa eta lan ona egin, eta emaitza onak lortu zituzten antolatzaileek adierazitakoaren arabera.
Bergararren lan ona
Alebinetan San Martingo neskak gelditu ziren lehen postuan, pilotarekin egindako erakustaldi txukun batekin. Kategoria horretan hirugarrenak izan ziren Mariaren Lagundiko neskak. Kadete mailan, Ariznoa elkartekoak irten ziren garaile, mazoekin eta uztaiekin egindako erakustaldian. Bakarkakoan, Jennifer Pineda bigarren gelditu zen eta Izaskun Fernandez berriz, bosgarren postuan, biek ere lan ona egin ondoren.