Bergararen lehen garaipena, Zarautzi 2-0 irabazita

Edu Mendibil 2009ko ira. 27a, 20:06
Bergarak hirugarren jardunaldian lortu du denboraldiko lehen garaipena. Mahoneroek partidu serioa jokatu zuten atzo eta urrezko hiru puntu eskuratu zituzten iaz hirugarren mailan zebilen Zarautzen aurka. Etxekoek lehen zatian erabakita utzi zuten partidua.

Gauzak okertzen ari zitzaizkionean, zortea alde izan zuen Bergarak atzo. Etxekoak 1-0 irabazten zihoazen Oterok 25. minutuan egindako golari esker, baina zarauztarrak behin eta berriz erasoan ziren, mahoneroak estutzen. Gainera, Bergara jokalari gutxiago bat zuen zelaian Agirrek 33. minutuan txartel gorria ikusi eta gero. Eta lehen zatia amaitzear zela, Xatok falta egin zion Martin Ibañezi falta ertzean eta epaileak penaltia adierazi zuen. Horrez gain, Xato kanpora bidali zuen Zubiaurre epaileak. Zarauztarrek asko protestatu zuen erabakia. Ilzarbek 2-0ekoa egin zuen eta bi taldeek hamarna jokalarirekin ekin zioten bigarren zatiari.

Abantailari eutsi

Jarraipenean, Bergarak helburu garbia zeukan: lortutako aldeari eutsi eta denboraldiko lehen garaipena lortu. Manu Diaz entrenatzaileak bost aldaketa egin zituen bigarren zatian zehar eta mahoneroek 4-4-1ekoarekin jokatu zuten. Ilzarbe izan zen puntako jokalari bakarra. Zarautzek erasora egin zuen lehen minututik eta hegaletatik sortu zuten arrisku gehien, Alfonso azkarraren bitartez batez ere. Baina ate aurrean ez ziren batere fin ibili kostaldekoak: hainbat ahaleginen ostean, Carrizok izan zuen aukerarik garbiena, 80. minutuan, baina huts egin zuen area txikian bakar bakarrik zegoela. Jarraian,  Abregok eta Alfonsok bat-biko polita egin zuten, baina Abregok ere ez zuen asmatu. Etxekoen aldetik, erdilariek ondo eutsi zieten zarauztarrei eta Ilzarbek izan zuen aukera bat edo beste hirugarren gola egiteko. Edozein modutan, zarauztarrek ia-ia beraien atean sartu zuten baloia: Jaka atezainak hankarekin urrundu zuen baloia 76. minutuan, baloiak Ferradasen bizkarrean jo zuen eta gutxigatik ez zen baloia atean sartu, errebotez.

Bergarak arnasa hartzen du iaz 3. mailan zebilen Zarautzi irabazita. Hala ere, Diaz entrenatzailea ez zegoen batere pozik partidu amaieran epailearen lanarekin. Zarauztarrak ere ez. Puntuak etxean eta txartelak denendako.

Bergara Iraola, Urteaga (Agirrezabal, 75. min.)), Elorriaga, Nafarrate, Arazkonaga, Agirre, Otero (Iñurrieta, 47. min.), Loiola (Oregi, 94. min.), Ibañez ( Eloy, 75. min.) Mujika (Alzola, 63. min.) eta Ilzarbe.

Zarautz Jaka, Ferradas, Arruti (Elo, 75. min), Esnaola, Asier, Xato, Alex, Karlos (Abrego, 70. min.), Aitzol (Carrizo, 72. min.)), Vila (Alfonso, 55. min.) eta Luis.

Epailea Zubiaurre, Iker eta Lasarte marraizanekin. Txarto. Txartelzalea. Lehen zatian Agirre eta Xato kanporatu zituen eta luzapenean Arazkonaga. Lau txartel hori gehiago atera zituen. Banderatxo barik azaldu zen hirukotea Agorrosinen eta Bergara KEkoek laga behar izan zizkieten marraizanei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak