Akordioa sinatu dute Udalak, Aranzadi Ikastolak eta Hezkuntza Sailak

Txomin Madina Milikua 2007ko urriaren 2a

Akordio honen arabera, Aranzadi ikastolak Martinez de Iralako eraikin txikia San Martingo ikasleentzat utziko du.

Pasa den asteazkenean, irailaren 26an, egin zuten bilera Lakuan Bergarako Udaleko, Hezkuntza Saileko eta Aranzadi Ikastolako ordezkariek, eta bilera honetan, hainbat puntu dituen akordioa lortu zuten. Akordio honen arabera, Aranzadi ikastolak gabon osterako libre utziko du Martinez de Iralako eraikin txikia eta berau erabiliko dute San Martin ikastetxekoek orain lekurik ez dituzten bi ikasle taldeak sartzeko. Era berean, Hezkuntza ordezkaritzako teknikariek, txosten bat egingo dute leku husteak Aranzadiri eragin diezazkiokeen arazoei aurre egiteko. Bukatzeko, eta epe luzerako irtenbide bat bilatu asmoz, Aranzadik Martinez de Irala guztiz utzi beharko du, eta ondorioz mahai bat eratuko dute Bergarako udalak, Aranzadi ikastolak eta Hezkuntza Sailak ikastolaren toki arazoei konponbidea bilatzeko.

Agurne Barruso alkatearekin harremanetan jarrita, gustura agertu da akordioarekin, alde guztien beharrak asetzen dituela uste baitu.

Aranzadi ikastolak ere, begi onez ikusten du akordioa. Bertan esan digute teknikariak jada egon direla bai Martinez de Iralan eta baita Seminarioan ere leku arazoari konponbidea bilatzeko azterketak egiten. Ezer zehaztu gabe badago ere, aukeretako bat eraikin aurre-frabikatuak jartzea da, eta hau ere, behin behineko neurri bezala, ez dute gaizki ikusten ikastolakoek. Gaineratu dute baita akordio honek Errege Seminarioaren lagapen hitzarmena sinatzeko orduan, bide onetik jartzen dituela.

San Martin ikastetxeko ordezkariek, behin behineko irtenbide bezala, ontzat ematen dute akordioa. Halere, ostiraletan udaletxe aurrean elkarretaratzeak egiten jarraituko dute behin betiko konponbide bat eskatuz izan ere, hurrengo ikasturteetara begira, leku falta izaten segi dezaketela uste baitute.

Akordioak alde guztiak konforme utzi baditu ere, asteburu honetan bertan idazki anonimoak agertu dira bergarako kaleetan. Bertan Iruzur soziala ez! izenburupean, Udalari eta Aranzadi ikastolari hainbat salaketa egiten zaizkio. Agurne Barrusok interes partidistak ikusten ditu idazki honen atzean, eta Aranzadi ikastolak aldiz, arazoak mahai baten inguruan konpondu behar direla azpimarratu nahi izan du. San Martin ikastetxekoek euren aldetik, esan dute ez dutela idazkiarekin inongo zerikusirik.

San Martin ikastetxeko gurasoen elkarteak zabaldutako ohar batean, esan dute, Aranzadi Ikastolak batxilergoko ikasleak errege seminarioan sartu ezin baditu, arazoa eurena dela, eta batxilergoa derrigorrezko hezkuntzako maila ez denez, hor Udalak eta Hezkuntza Sailak ez dutela zertan parte hartu.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak