Bergarako Musika Eskolakoek IV. Apirilean Musika aurkeztu dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko apirilaren 2a

Musika eskolako aretoan aurkeztu dute aurtengo Apirilean Musika emanaldiak. Prentsaurrekoa eman dute Marije Ugalde musika eskolako zuzendariak, Enara Minguez kultura zinegotziak eta Bego Mujika gurasoak. Aurtengoa Bergarako musika eskolak antolatzen duen IV. Apirilean Musika izango da; hilaren 6an hasiko da eta hilaren 25a arte iraungo du.

"Aurreko urteetan oso harrera ona izan duten ekitaldiak izan dira eta espero dugu aurten ere horrela izatea", azaldu du Ugalde zuzendariak. Bergarako musika eskolaren nahia herritarrei eta ikasleei gauza berriak eta interesgarriak erakustea dela gaineratu du Ugaldek.

Nobedadea, Santiago banda

Domekan hasiko dira emanaldiekin. Lehenengoa Elgoibarren izango da; hain zuzen, akordeoi topaketa.
Aurtengo nobedadea, hilaren 11n, Santiago bandak emango duen kontzertua izango da. Organo kontzertu didaktikoa izango da eta Santa Marina Parrokian eskainiko dute, arratsaldeko 6etan. Hilaren 12an, musika eskolako ikasleen eskutik musika barrokoaz gozatzeko aukera izango da. Andoni Sierraren zuzendaritzapean, Mariaren Lagundiko elizan arituko dira ikasleak, iluntzeko 8etan.
Gainera, Ander Arroitajauregi luthierraren eskutik sokazko instrumentuak  nola egiten diren ikasteko aukera egongo da. Hori apirilaren 14an izango da.

Saio guztiak doan

Hilaren 25a arte iraungo dute Apirilean musika saioek. Aipatutako emanaldiez gain, besteak beste, ipuin musikala, musikoterapia tailerra eta ahotsaren eguna antolatu dituzte.
Aipatu, saio guztiak doan izango direla. Hala ere, musika eskolan sarrera eskatu beharko da hainbat saioetarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak