Mugimendu aitzindari baten historia kontatzen du liburuak. Hirurogeita hamargarren eta laurogeigarren hamarkadetan Bergaran bizi izan zen herri mugimendu baten esperientzia hain zuzen ere. Bergarak sasoi hartan zituen beharren kontzientzia hartu zuen herriak eta herri mugimenduari esker hiru arlotan hobekuntza nabariak eman ziren; bizitza kalitatean, kultur mugimenduaren dinamizazioan eta demokrazia politikoaren aldeko ekimenetan. Garai hartan bizi izan zen mugimendu kultural, sozial, eta politikoak jasotzen dira Herri mugimendua, Bergara 1970-1980 izeneko liburuan.
Liburuaren idazle Manolo Cainzosen ustez, gaur egungo gizarteak ito egin ditu herri mugimenduak, hala, analisi honekin herri mugimendu bat gogorarazten du, eta helburu bezala izango luke gizartean herri partaidetza handiagoa berreskuratzea eta suspertzea.
Aurkezpena
Aurkezpen ekitaldian izan ziren, besteak beste, Bergarako jarduneko alkatea Victoriano Gallastegi, UNED-Bergarako zuzendari Juan Jose Alvarez, Juan Mari Aranzabal Millaka argitaletxeko zuzendaria, eta Manolo Cainzos, liburuaren idazlea.
Manolo Cainzos idazlea, Coruñakoa da sortzez baina 40 urte daramatza Bergaran. UNEDeko psikopedagogia departamentuan ibili da lanean, 1976 urtetik. Sasoi hartako lekuko zuzena, erretiroa hartzeko garaia heldu zaio orain eta agur modura idatzi du liburua. Besteak beste, 70. hamarkadako gertaera nabarmenen kronologia egiten du liburuan.