Bergarako gaztetxea Ama Say taldearen itzulera indartsuaren lekuko izango da zapatuan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko mar. 26a, 13:30
Txapa irratiak antolatuta, Ortuellako Ama Say eta Elorrioko Yakuzi taldeek kontzertua egingo dute zapatuan Bergarako gaztetxean (23:00). Kontzertu erakargarria, zalantza barik; Ama Say taldearen itzulerak ikusmina piztu du. Nork esan zuen bigarren zatiak txarrak zirela?

Film onen bigarren zatiak txarrak direla esan ohi da. Ezin musikan berdina gertatzen denik esan, izan ere, hainbat adibide daude zineman betetzen den araua apurtzen dutenak. Eta adibide horietako batek Ama Say du izena.
Debagoiena ere izango da Euskal Herriko rock talde esanguratsuenetariko horren itzuleraren lekuko; laukote bizkaitarrak zapatuan joko du Bergarako gaztetxean Elorrioko Yakuzi taldearekin. Txapa irratia arduratu da Euskal Herriko Pixies-ak –hala deitzen zituzten lehen– ekartzeaz.


Desagertu ostean ospetsu

1990eko hamarkada izan zen Ama Sayren garaia, 1992an jaio eta 1997an desagertu. Bost urte izan ziren bakarrik, baina utzi zuten euren arrastoa: bi disko eta single bat: Ikusi ditut umeak kalean ametsak akatzen (Esan Ozenki, 1993) eta Say Ama (Esan Ozenki, 1994) diskoak eta No Iz Pop (1994) zuzeneko single-a. Errekonozimendua eta ospea, baina, desagertu ostean heldu zitzaien, artista onenen antzera.
Musikari dagokionez, gitarra distortsionatuak erritmo aldaketak eta melodia asko egiten zuen Ama Sayk; ezberdinak ziren euren garaian. Hala ere, hitzetan euskara eta ingelesa nahastea izan da Ortuellako laukotearen zeinu bereizgarri nagusia. Gontzal Bilbao taldeko bateria joleak –Ibon abeslariaren anaia da– gogoratzen duenez, "joko bat moduan hasi zen euskara eta ingelesa abesti berean nahastearena; anaiari bururatu zitzaion. Joko fonetikoak erritmo berezia ematen zien kantuei eta asko gustatu zitzaigun".

Musika sortzeko gogoz
Ama Sayren itzulera ez da kontzertuak ematera mugatuko. Taldeak ideia berriak ditu buruan eta musika sortzeko gogoz dabil. Lau edo bost abesti berri dituzte eta disko berri bat grabatzea ez dute albo batera uzten. Bilbaok dioenez, "musika sortzea da garrantzitsuena".

Yakuzi, gonbidatu bikaina
Ama Say aurretik talde ezin egokiago batek egingo ditu girotze lanak. Izan ere, Elorrioko Yakuzi taldeak joko du euren aurretik. Elorrioko taldea Ama Say agertokietatik jaitsi eta gutxira,  sortu zen Elorrion, 1998. urte bukaeran. Intentsitate ezberdinekin jokatuz, euren rock post rock doinuak eskainiko dituzte bihar. Urteotan laukoteak taldearen izen bereko bost kantuko mini CD bat eta 10 kantuko Ibai lehorretan itota lan luzea kaleratu dute.


Elkarrizketa: Ama say, itzulera

"Sekulako oparia da guretzat berriz ere Ama Say egitera itzultzea"

Indartsu itzuli da Ama Say, itzulera osteko kontzertuak ikusi besterik ez dago. Taldea oso pozik dago berriz ere batera jotzeaz eta itzulerako kontzertuetan jaso duten erantzunaz. Gainera, kontzertuetan belaunaldi berriak ikusteak asko harritu du taldea.

Zergatik itzuli da Ama Say?
Kasualitatea izan da. Iboni [ahotsa eta gitarra] lan kontuek Bartzelonatik hilabetean behin edo birritan etortzeko aukera eman diote eta aukera aprobetxatu dugu hilabetean behin edo kontzertuak emateko. Uda aldean kontzertu gehiago ematea pentsatu dugu.

Zer suposatzen du zuentzat berriz elkartu eta jotzera bueltatzeak?
Sekulako oparia da guretzat berriz ere Ama Say egitera itzultzea. Lagunartean sortu den proiektua izan da betidanik, eta oso berezia eta sakona da guretzat. Barruan daroagu.

Nolako erantzuna izan duzue itzulerako kontzertuetan?
Oso giro ona egon da kontzertuetan. Gainera, belaunaldi aldaketa egon dela konturatu gara; oso pozgarria da guretzat 20 urteko neska-mutilak ikustea. Gainera, gure musikak ez du gaurkotasunik galdu; orain entzun edo duela 15 urte, berdin.

Zer aldatu da, bada, Ama Say-n?
Taldekideen bizimodua. Orain gehienok ditugu seme-alabak. Karlos gure betiko baxu joleak, adibidez, betebehar berri horiengatik ez du joko. Nahiko tristea da guretzat Karlosekin ez jotzea, lagunminak garelako. Hala ere, Karlos ordezkatu duenarekin [Mikel Gonzalez, Zein taldeko baxu jolea] oso gustura gaude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak