Bergarako erraldoiei izena jartzeko lehiaketa abian da

Maider Arregi 2009ko api. 22a, 11:45
Bergarako erraldoien konpartsa 6 erraldoik osatzen dute, eta horietako lauk ez dute izenik. Ondorioz lau erraldoi horiei izena jartzeko lehiaketa antolatu du Bergarako Udaleko kultura sailak. Hemen dituzue parte hartzeko bete beharreko oinarriak:

Erraldoien izena proposatzerako orduan kontuan hartu beharko da erraldoi bakoitzaren izaera. Izenik gabeko erraldoietako bi, adibidez, erraldoi eleganteak dira, senar-emazteak. XVIII-XIX.mendeko Bergarako jauntxoei begira eginda daude. Izenik gabeko beste erraldoien bikoteak Bergarako bi baserritar irudikatzen dituzte, hauek ere senar-emazteak eta XVIII-XIX. mendekoak.

Oinarriak

1. Lehiaketa honetan Bergaran erroldatutako edonork hartu ahal izango du parte, eta adin guztietako jendeari zabalduta dago.

2. Izena proposatzerako orduan, azalpen labur bat ere eman beharko du lehiaketan parte hartzen duen bakoitzak, izen hori zergatik proposatzen duen azaltzeko.

3. Lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek 2009ko maiatzaren 18ko 13:00 baino lehen aurkeztu beharko dituzte beren proposamenak. Bergarako Udaleko sarrera erregistroan sarrera eman beharko diote beren proposamenari. Dokumentuaren izenburua hauxe izango da: *Bergarako erraldoiei izena jartzeko lehiaketa*. Izena proposatzearekin batera izen hori proposatzearen zergatia ere azaldu beharko dute lehiatzaileek.

4. Epaimahaia Bergarako Udalak egoki ikusten duen pertsonez osatuko da, eta epaia jakitera ematen den egunean jakinaraziko da epaimahaia nortzuk osatu duten. Epaimahaiko kideek hartutako erabakia aldaezina izango da.

5. Epaimahaiko kideek erraldoien izenak bikoteka baloratuko dituzte. Izenik egokienak proposatzen dituen pertsonak edo taldeak, erraldoien bikote bakoitzeko, 150 euroko saria jasoko du.

Bergarako bi baserritar erraldoientzat proposatutako izenak:

  • Gizonarentzat:
  • Emakumearentzat:
    • Izen horiek ondorengo arrazoiarengatik proposatzen ditut:
    • Proposamena egin duenaren ezizena:

Bergarako bi erraldoi eleganteentzat proposatutako izenak:

  • Gizonarentzat:
  • Emakumearentzat:
    • Izen horiek ondorengo arrazoiarengatik proposatzen ditut:
    • Proposamena egin duenaren ezizena

6. Proposatzen diren izenak euskal kutsukoak izango dira.

7. Pertsona edo taldearen nortasuna gutun azal itxi batean aurkeztuko da, kanpoan ezizena duela eta barruan izen-abizenak, NAN eta telefonoa.

8. Sariak eman gabe ere geldi daitezke, epaimahaikoek horrela erabakitzen badute.

9. Lehiaketa honetan parte hartzeak berarekin dakar oinarri hauek onartzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak