Orain dela bost urte inguru hasi zen cricketean jokatzen Bergarako pakistandar talde bat. Azaldu digutenez, euren herrialdean asko jokatzen den kirola da cricketa, hemen futbolean egiten den bezalaxe. Jokatzeko nahiak bultzatuta, poliki-poliki forma hartu duen taldea osatu dute, are gehiago, Logroñoko cricket txapelketan bigarren postua eskuratu du aurten Bergarako taldeak. Baina egunerokoan lana eta kirola uztartzea ez da erraza izaten eurentzat eta asteburuetan entrenatu behar izaten dute sarri.
Herriko gazteak animatu
Logroñoko txapelketan erakutsitako mailak kirol talde sendoagoa osatzera eta maiztasun finkoarekin entrenatu nahi izatera bultzatu ditu orain. Horregatik, herriko gazteak animatu nahi dituzte maila oneko cricket talde bat osatzeko. Alabaina, taldeak ez du zelai aproposik modu egokian entrenatu ahal izateko, eta Udalari eskatu diote maiztasun finkoarekin erabiltzeko toki bat egokitzeko.
Azpiegiturez gain, babeslea eta cricketean modu antolatuan jokatu nahi duten gazte gehiago behar ditu Bergarako taldeak. Ilusioz daude aurrera begirako asmoak betetzeko eta adierazi dutenez, Gipuzkoan lehiatzeko talde sendoa osatzea gustatuko litzaieke.