1. Bergarako Udaleko Kultura sailak graffiti lehiaketa antolatu du. Lehiaketa honen helburua da Bergarako azokan hutsik dagoen 7,05 m (horizontalean) X 8,22 m (bertikalean) neurriko pareta margotzea. Horretarako antolatu du graffiti lehiaketa Bergarako Udaleko kultura sailak, eta lehiaketara aurkeztutako lan guztien artean, epaimahaiak aukeratutako graffitia margotuko dute graffiti horren egileek Bergarako azokako paretan.
2. Lehiaketan 2009an gutxienez 16 urte beteko dituzten Debagoiendarrek edo Debagoieneko ikastetxeetan edo unibertsitateetan ikasten dutenek hartu ahal izango dute parte, bakarka nahiz taldeka. Lana taldean aurkezten den kasuan, taldekide guztiek bete beharko dute baldintza hori, eta hori egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte (NANaren fotokopia, ikastetxeko ziurtagiria...).
3. Teknika librea izango da, eta gaia, berriz, Bergarako azoka edo azokako produktuak.
4. Graffitia testuarekin aurkezten bada, testua euskaraz idatziko da.
5. Graffitiaren zirriborroa 34 zm x 29 zm neurrian aurkeztu beharko da, formatu bertikalean, eta euskarri gogor baten gainean. Era berean, lana CD batean ere aurkeztu beharko da nahitaez.
6. Zirriborroek ez dute egilearen nortasuna agerian utz dezakeen ezer edukiko. Atzealdean lelo bat dutela aurkeztuko dira lanak. Gutunazal itxi batean leloa kanpoan eta egilearen edo egileen datuak (izen-abizenak, helbidea/k, NANaren fotokopia/k, ikastetxeko ziurtagiria/k eta telefono zenbakia/k) barruan jarriko dira.
7. Lanak Bergarako Kultura Etxean aurkeztuko dira, uztailaren 27ko 13:00ak baino lehen. (Bergarako Kultura etxea, Errotalde jauregia z/g, 20.570 BERGARA). Era berean, oinarri hauen inguruko zalantzak argitzeko edo informazio gehiago lortzeko Bergarako kultura etxera deitu beharko da, 943 77 91 59 telefono zenbakira, edo e-posta bidali kultura@bergara.net helbidera.
8. Epaia jakitera ematen den egunean jakinaraziko da epaimahaia nortzuk osatu duten.
9. Epaimahaiko kideek hartutako erabakia aldaezina izango da.
10. Udalak egoki ikusten badu, lehiaketara aurkeztutako lanak jendaurrean ere jarri ahal izango ditu, hala nahi duten Bergarako herritar guztiek bozkatu dezaten.
11. Bergarako Udalak erakusketa ere egin ahal izango du lehiaketara aurkeztutako lan guztiekin.
12. Saritu gabe gertatu diren lanak, erakusketa egiten bada, erakusketaren azkeneko egunetik hasi eta hogeita hamar eguneko epean jaso ahal izango dira. Erakusketarik egin ezean, lanak lehiaketara aurkezteko epea amaitzen denetik hasita hilabeteko epea izango dute egileek lana jasotzeko. Epea amaitu ondoren egileek jaso ez badituzte, pentsatuko da ez dituztela aintzakotzat hartzen, eta Udala horietaz libreki baliatu ahal izango da. Era berean, ez da erreklamazio edo indemnizazio eskubiderik onartuko.
13. Lehiaketa honetako lan irabazlea azokako horma batean egingo da. Horretarako beharrezko diren spraiak, margoak eta beharrezko azpiegitura guztia antolatzaileek jarriko dituzte lehiaketako irabazleen eskura.
14. Graffitia azokako paretan egiteko eguna edo egunak irabazleekin adostuko dituzte lehiaketako antolatzaileek. Beranduenera ere irabazlea nor den jakin eta hilabeteko epearen barruan egin beharko da graffitia.
15. Lehiaketaren irabazleek ezinbesteak lehiaketa egunean aldez aurretik aurkeztutako zirriborroa hormaratu beharko dute.
16. Lehiaketako irabazleek 500 euroko diru-saria eskuratuko dute.
17. Sari banaketa ekitaldia graffitia paretan egiten bukatzen den momentuan egingo da.
18. Lehiaketa honetan parte hartzeak berarekin dakar oinarri hauek onartzea.