30 milioi t'erdi euroko aurrekontua onartu du Udalak

Maider Arregi 2007ko maiatzaren 24a

EAJ-EA eta Aralarren aldeko botoekin ia 30 milioi t'erdi euroko aurrekontua onartu du Bergarako Udalak 2007. urterako. Aurreko ekitaldian baino %10,2 gehiago. Urbanizazio lanak dira nagusi aurrekontuen gastuetan.

28,2 milioi euroko aurrekontu kontsolidatua izango du Bergarako Udalak 2007 urterako. Hala ere, 30 milioi euro pasako aurrekontua onartu zuten osokoan. Horietatik 1,3 milioi euro erakundeen arteko mugimenduetarako dira. Horixe adostu zuten osoko bilkuran EAJ-EA koalizioak eta Aralarrek. Ezker Batua, alderdi sozialista eta PPko zinegotziek aurkako botoa eman zuten.


Aralarrek baiezko botoa eman dio 2007ko aurrekontuari, baina kexu agertu da mantentze gastuekin eta batzordeei emandako diru-laguntzekin. Aurrekontua aurkezteko data asko atzeratu dela ere esan dute.
Udalak aurten espero duen inbertsio handiena Irala kaleko urbanizaziokoa izango da. Lan horretarako, 1,45 milioi euroko aurrekontua bideratuta du. Beste 620.000 euro bideratu dira obra horretan izandako arazoei aurre egiteko. Agorrosinen, berriz ere, diru dezente gastatuko da, 917.000 euro zehatz esanda. Kiroldegiko bainuetxea egiteko izango da.
Bestalde, liburutegia tokiz aldatzeko Udalak 115.985 euro bideratu ditu. Arrizuriaga Jauregira eramango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak