Bergarako arte erlijiosoa, Maria Jose Aranbururen eskutik

Edu Mendibil 2008ko aza. 30a, 22:28
Bergarako udaletxeko osoko bilkuren aretoa jendez lepo egon zen egubakoitzean, Maria Jose Aranburu irakasle donostiarraren 'Arte y piedad: el arte religio en Bergara' liburuaren aurkezpenean. Agurne Barruso alkateak, Jaione Velilla Aranbururen tesiaren zuzendariak eta Juan Madariaga irakasleak (tesia epaitu zuen tribunaleko kide izan zena) lagundu zioten egileari aurkezpena egiten. Aurretik, 2001ean, Artea Bergaran: Erdi eta Moderno aroak lana argitaratu zuen, Jesus Gil Massarekin batera. Aurkezpenaren aurretik izan ginen Maria Jose Aranbururekin.

Zure tesia argitaratuta ikustea pozgarria izango da, ala?
Bai, gaurko gizartean gauzak ez badira kaleratzen, ez bazaie publizitaterik egiten, ia-ia ez dira existitzen eta oso pozik nago alde horretatik. Bergarako Udalaren babesa eta elizarena ezinbestekoa izan dira eta eskertzekoa da.

Nola sortu zen lan hau egiteko ideia?
Jesus Gil Massari Bergarari buruzko monografiak egitea agindu ziotenean, artea lantzea proposatu zidan hark eta orduan ikusi genuen arte multzo ikaragarria eta kalitate handikoa zegoela aztertzeko. Eta merezi zuela horretan sakontzea. Horrela, berak urbanismoa, hirigintza eta arkitektura zibila aukeratu zuen eta ni arte erlijiosoaz arduratu nintzen. Azkenean bat beharrean bi tesi izan dira eta eskergak, mardulak biak.

Errenazimendu eta Barroko garaiak aztertu dituzu, garai oparoa arte erlijiosoari dagokionean.
XVI. eta XVIII. mende bitartean egindako ikaragarria izan zen. Ilustrazioa ere sartzen da liburuan... Familia handiki dezente zegoen Bergaran eta Amerikatik dirua ekartzean, herriarekiko harrotasuna eta esker ona adierazteko eta sinesmen kontuengatik ere diruz laguntzen zituzten erlijioarekin lotutako arte lanak. Benetan maite zuten herria eta leku gutxitan egon da Bergaran sortu den arte multzoaren bezalakorik. Orain, adibidez, Azpeitiko artea aztertzen gabiltza Jesus Gil Massa eta biok, baina Bergarak arte multzo handiagoa daukala esango nuke.

Noiztik ezagutzen duzu Bergarako arte multzoa? Nahikoa ezagutzen da hemendik kanpo?
1989an, monografiak egiten hastean, izan nuen lehenbiziko kontaktua eta aurkikuntza bat izan zen niretako. Ez nuen halakorik espero. Oraindik ere lagunak ekartzean, edota unibertsitatetatik-eta etortzen direnak, harrituta geratzen dira hemen aurkitutakoarekin, kalean ikus daitezkeen XVII. mendeko etxe edo jauregirekin. Espero lan honek ondare hori ezagutzera ematen laguntzea.

Zure lan kuttunena, zein?
Kalitatearengatik nazioartean ezaguna den San Pedroko Santo Kristoa. Baina alboan duen Amabirjina ere zoragarria da.  Santa Marinako eraikuntzaren espazioa eta hango erretaula nagusia ere ederrak dira. Horiek dira gehien ukitu nautenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak