Bergarak liderraren aurka galdu zuen Agorrosinen

Edu Mendibil 2008ko martxoaren 2a

Bergarak galdu egin zuen atzo, Amaikak Bat liderraren aurka, 0-2. Lehen zatian markagailuan aurreratzeko aukerak izan zituzten etxekoek, baina liderrak esperientzia azaldu zuen atzo. Bitan heldu eta bitan asmatu zuten debarrek. Bergarak azken bi partiduak galdu ditu.

Zortzi minutu luzatu zuen epaileak zapatuko partidua. Hala ere, partidu luzea izan arren, baloia denbora gutxi izan zen jokoan. Falta ugari, etenaldi asko eta joko eskasa Bergarak eta Amaikak Bat liderrak erakutsi zutena. Lehen zatian etxekoak izan ziren nagusi; hala ere, ez ziren fin ibili ate aurrean. Izarbek eta Martinezek izan zituzten abagunerik onenak, baina Odriozola atezaina bikain ibili zen. Izandako aukera bakarrean, kontraeraso baten, asmatu zuten bisitariek. Paul Garciak egin zuen gola. 43. minutuan, Agirrek ederki jaurti zuen areaz kanpotik, eta Odriozolak kornerrera urrundu zuen baloia.


Falta asko eta joko gutxi

Bigarren zatian Bergarak jarraitu zuen agintzen. Hala ere, atzean sartuta, debarrek ez zuten arazo handirik etxekoen erasoak gelditzeko. Martin Ibañezek bere hanketan izan zuen berdinketa; area txikian bakar-bakarrik zegoela ez zuen asmatu aurrelari bergararrak, Balzategiren barneraldi bikainaren ostean.
Jokalari bat gutxiagorekin jokatu zuen Amaikak Batek 56. minututik aurrera. Bergaran ez zuen jakin izan abantailari etekina ateratzeko orduan. Gainera, Agirrek bere burua kanpora bota zuen, epaileak falta adierazi, Agirrek protesta egin eta bere aurrean baloia urrundu ostean.
Azken minutuak oso nahasiak izan ziren eta jokoa gogortu egin zen bi taldeen partetik. Nahasmen horretan probetxua atera zuen liderrak, partidua erabakita uzteko. Burukada eder batekin 0-2koa jarri zuen Rementeria defentsak. Aldagelara bidean, ia-ia igoera ospatu zuten debarrek. Bergarak, aldiz, atzera egin du, azken bi partiduak galduta. Manu Diaz entrenatzaileari, etsita, zera entzun genion aulkian: "Hau ez da futbola, ezta antzekorik ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak