Bergarak Euskal Herriko herri arteko txapelketako finala jokatuko du

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko uzt. 18a, 16:56
Izugarria izan zen atzo Bergarako pilotalekuan bizi izan zen giroa. Jendez lepo bete zen pilotalekua herriko mutilak animatzeko. Eta, partiduek, merezi izan zuten. Kadete eta gazte mailako partiduak irabazita lortu dute finalerako txartela. Finala Amorebietan izango da zapatuan, 10:30ean.

2-1eko errenta ekarri zuten Bergararrek Iruñatik; atzo, kadete eta gazte mailako partiduak irabazita Euskal Herriko herri arteko txapelketako finalerako txartela ziurtatu zuten. Hala, datorren zapatuan jokatuko dute finala Amorebietan 10:30ean.

Hirutik bi irabazi zuten

Igor Igartuak eta Beñat Rezustak 9-22 irabazi zuten lehia. Hasieratik hartu zuten aurre markagailuan; 11. tantoa egin zutenen, iruñarrek bi besterik ez zuten egin. Reyes Azkoitia entrenatzaileak argi zeukan kadete mailako partidua irabaziko zutela: "Guk esaten genuen guk ondo jokatuz gero 10 ez zigutela egingo, eta 9 egin digute". Lehenengoa irabazita, bigarrena hasi zuten.


Iruñako ordezko bikoteak jokatu zuen gazte mailan. Hala, uste baino samurrago irabazi zuten Gorka Irizar eta Aritz Rezusta bergararrek: 10-22. Modu horretan, etxeko taldeak finalerako txartela eskuratu zuen. 


Finalerako txartela eskuan zutela, hirugarren partiduko emaitzak ez zuen garrantzirik. Hala ere, Muguruza lehengusuak lehia irabaztera atera ziren; euren nahia 3-0ekoa egitea zen. Baina, ezin izan zuten iruñarrak menderatu eta 16-22 galdu zuten.

Ander Muguruza min hartuta

Ander Muguruzak Antiguon jokatu zuen egunean, eta eskuan min hartuta etorri zen. "Iruñako bikoteak asko jotzen du, batez ere aurrelariak. Hortaz, eskua gaizki baldin badaukazu ez daukazu zer eginik. Hala ere, borrokatu egin dute... horrek ez dauka izenik", zioen partidu amaieran Azkoitia entrenatzaileak. Benetan pozik eta harro zegoen pilotariek egindako lanarekin. 


Datorren zapatuko finalari begira, Ander errekuperatuko den edo ez begira egongo dira. "Ekipoa osatzeko ez daukagu arazorik, baina irabazteko garantia ez da berdina", zioen Azkoitiak. "Orain arte, Azkoitiarren aurka izan ezik, partidu guztiak irabazi dituzte", azaldu zuen Azkoitiak.

Zaleen babesa

"Lehenengo bi lehiak irabazi, eta zen ordua izan arren, jendea ez da etxera joan", esan zuen Azkoitiak. Datorren asteko partiduari begira, Bergarako zaleen babesa ezinbestekoa izango da finala irabazteko. Egun historikoa izango da: lehenengoz jokatuko dute-eta Euskal Herriko finala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak