Bergarak eta BTLS-k derbia jokatuko dute zapatuan Agorrosinen

Mireia Bikuña 2009ko urt. 29a, 15:36
Zapatuan, 16:15ean, Agorrosin futbol zelaian lehen erregional mailako derbia jokatuko dute Bergarak (bihar, etxeko taldea izango dena) eta BTLS-k. Manu Diaz (Bergara) eta Julen Aranburu (BTLS) entrenatzaileekin egon gara bergararren derbiaren gainean berba egiteko.

Norbere helburuak betetzeko, jokoan "urrezko" hiru puntu daudela esan digute bi taldetako  entrenatzaileek. "Ilintxaren kontra galdu ondoren, puntuak behar ditugu. Biharkoak oso inportanteak dira,  arnasa hartzeko balioko digute-eta. Dena den, derbia irabazita, puntu gehiago beharko ditugu mailari eusteko", dio Aranburuk.
Manu Diazek uste du Bergarak lider zergatik dagoen erakutsi behar duela datozen partiduetan: "Irabaztea da inportanteena. Zestoarekin eta Mutrikurekin dugun aldea mantendu behar dugu, eta ezinbestekoa da  derbia irabaztea. Gainera, jokalariek badakite partiduak galtzen ditugun bakoitzeko asko haserretzen naizela", esan digu barrez.

"Errebantxarik ez"

Derbiari begira entrenatzaile bakoitzak aurkaria nola ikusten duen galdetu diegu. Manu Diazek dio BTLS zortzi talde onenen artean dagoela: "Talde dinamikoa da, zelaian ondo kokatzen dena.  Akatsen bat jartzearren esango nuke ez direla erregularrak.  Baina bihar oso motibatuta irtengo dira zelaira". Bestalde, Julen Aranburuk Bergararen atzeko eta aurreko lerroak azpimarratu ditu: "Talde sendoa da. Defentsan oso indartsuak dira eta aurrean jokalari oso onak ditu. Gainera, baloia ondo menderatzen dute".
Lehen itzuliko partidua banako berdinketarekin bukatu zen, eta "errebantxarako" gogoa duten galdetu diegu: "Ez. Une honetan lehia irabaztea da inportanteena norbere helburuak lortzeko. Gainera, lehenengo itzuliko partidua oso garbia izan zen".
Bukatzeko, bihark emaitza eskatu diegu: "Borrokatuz, baina Bergarak 2-1 irabaziko du", esan digun Manu Diazek. Julen Aranburuk berdinketaren aldeko apustua egin digu: "Puntu bat lortuta gustura bukatuko nuke. Horra hor nire apustua: 1-1".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak