Euskal herri osoko 66 herri eta hiritako hizkuntza politikak aztertu ditu Kontseiluak. Hala, Bergarak, 6,35 notarekin, sailkapeneko gorengo postuetan egotea lortu du: bosgarrenean, hain zuzen ere, Azpeitia, lekeitio, Oñati eta Tolosaren atzetik.
Nota positiboa
Mikel Balentziaga Kontseiluko kideak esan duenez, "nota positiboa da hori, egoera normala 7 ateratzeak adierazten badu ere". Bestalde, esan beharra dago, 7ko hori ez dela inon lortu. Balentziagak beste datu bat ere azpimarratu du: Bergaran, euskararen ezagutza maila, %84,4koa dela, horietatik %70 euskaldunak direla, eta %14, ia euskalduna dela.
Azterketa egiteko orduan, hainbat esparrutan sakondu dute: langileak, merkataritza, komunikazioa, kultur ekintzak, hezkuntza, lan mundua, kirola, aisia eta arlo orokorrak.
Berba, Bergarako euskaltzaleen bilgunearen laguntza izan du Kontseiluak Bergaran azterketa egiteko orduan. Hainbat gai aztertu dituzte bertako arduradunek, eta hainbat ondorio atera ere bai. Adibidez, ikusi dute Udalak euskara plana egina duela, euskarak aurrekontuaren %3a jasotzen duela, eta euskara zerbitzuan lau langile ari direla. Honetaz gain, beste hainbat puntu ere antzeman dituzte: ikasleek euskaraz ikasteko beka sistema arautua dagoela, enpresak euskalduntzeko egitasmoa abian duela Udalak, toponimia euskaraz dagoela, udaltzainek ez dutela arazorik euskaraz argibideak emateko edo isunak jartzeko, zabor ontzietako eta baita kiroldegi eta igerilekuko ohar gehienak euskaraz daudela eta Udalak antolatzen dituen kultur ekintzen publizitatea euskaraz dagoela.
Hutsuneak
Hutsuneak ere badaude dena den: konturatu dira, udalaren webgunea eta aldizkaria orekan daudela, hirigintza harreran euskaraz trakets xamar egiten dutela, eta udal ordenantzarik ez dagoela. Berbak esan duenez, udal ordenantzak azkenean euskararen erabilerari eta normalizaziori buruzko udal ekintza arautzeko baliogarri ikusten dute.
Kontseiluarentzat ere, udal ordenantzaren falta da Bergarako hizkuntz politikaren hutsune nagusiena. Beste hutsune aipagarriak lirateke, udaletxe barruan errotuluren bat edo beste erdara hutsean egotea, eta auditoriak euskaraz badaude ere, udalari aholkularitza tekniko eta juridikoa ematen dioten enpresen txostenak euskaraz helarazteko erabakirik hartu ez izana.