Manu Diaz mahoneroen entrenatzailea pozik zen partiduaren amaieran; "ametsetan ere ez nuen horrelako hasiera irudikatuko". Izan ere, Bergarak denboraldiko laugarren garaipena erdietsi zuen, Beriori 2-1 irabazita eta, bide batez, donostiarrei sailkapenean aurrera hartuz. 13 puntu 9 partiduetan Bergarak. Ez dago batere gaizki. Landutako garaipena izan zen zapatukoa. Etxekoak hobeto moldatu ziren lokaztutako zelaira eta merezimendu osoz eskuratu zituzten hiru puntuak. Bergara aurreratu zen, Loiolak 15. minutuan egindako golari esker. Bergarak ez zuen atzera egin abantailari eusteko. Bigarren zatian ere nagusi ziren etxekoak; bigarren gola iristear zegoela zirudien, baina kontraeraso baten Beriok banakoa egin zuen, Larrearen bidez, 75. minutuan. Etxeko defentsa ez zen batere fin ibili jokaldi horretan.
Hala ere, Manu Diazen mutilek ez zuten etsi eta erasoan jarraitu zuten. Eskumaldetik etortzen ziren jokaldirik arriskutsuenak; horietako baten Markel Ilzarbek defentsa atzean utzi eta Iturrioz atezaina gainditu zuen. 84. minutua zen eta orduan bai, abantailari eusteko gauza izan ziren etxekoak. Esan bezala, Aloñaren aurkako derbiaren aurretik, garrantzi handiko hiru puntu lortu zituen Bergarak. Eta beste albist on bat: Cabanillasek denboraldiko lehen minutuak jokatu zituen.
Bergara Belategi, Elorriaga (Oregi, 73. m.), Arazkonaga, Nafarrete, Agirrezabal (Urteaga, 89), Iñurrieta, Otero, Loiola (Cabanillas, 70), Ilzarbe, Agirre (Eloy, 80) eta Ibañez.
Berio Iturrioz, Etxeberria (Goya, 87), Arzelus, Ferrera (Martin, 55), Larrea, Astudillo, Caminaur (Monreal, 69), Pikabea (Garmendia, 70), Alvarez, Loiti eta Castro.
Bestelakoak Gallego epaileak lau txartel hori atera zituen, Loiolari, Elorriagari, Etxeberriari eta Arzelusi. Jende gutxi. Euria eta zelaia, lokaztuta.