Bergara Hiria Txapelketa: pilotako promesak Udal Pilotalekuan, gaurtik

Edu Mendibil 2008ko api. 1a, 11:24
Bergarako eta inguruko pilotazaleen gozamenerako, gaur, martitzena, Bergara Hiria pilota txapelketa hasiko da. Aurreko urteotan bezala, pilota promesa onenak ikusteko aukera izango dute zaleek. Ohikoa den moduan, 22 urtez azpikoen eta nagusien partiduak izango dira Udal Pilotalekuan Mendekoste jaiak bitartean. Bi mailetan 16 bikote lehiatuko dira.

Honelakoetan ez dago faboritoak aurreratzerik, are gutxiago Bergarako pilota sailak lortu duen partaidetza ikusita. Nagusietan, zalantzarik gabe, Aitor Mendizabal antzuolarrak eta Iñaki Jauregi plazentziarrak osatzen duten bikotea dugu faborito nagusia. Mendizabalek eta Jauregik DV Txapelketa irabazi zuten iaz eta Bergarara ere txapelaren bila etorriko dira. Apirilaren 22an jokatuko dute final laurdenetako partidua, Onsalo-Galarraga bikotearen aurka.

Mendizabal faboritoetako bat

Aitor Mendizabalek zeresan ugari eman du azken hilabeteotan; Elgetako lau t´erdiko finala irabazi zuen udan eta ondoren DV Txapelketa irabazi zuen Bergaran bikote izango duen Jauregirekin batera. Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan jokatutako finalean 22-16 irabazi zieten Renobales eta Garmendiari, abenduaren 23an. Bergarako pilotazaleak antzuolarra zuzenean ikusteko irrikaz daude.
Finalera iristea, edozein modutan, ez da inorentzat erreza gertatuko. Txapela eskuratu nahi dutenek hiru partidu irabazi beharko dituzte. Finalak, Pazkoetako astelehenean jokatuko dira, maiatzaren 12an.

Beste debagoiendar bat ere izango da kantxan nagusien mailan. Ander Muguruza bergararrak ondo baino hobeto ezagutzen du Udal Pilotalekua eta txapelketa honetan esperientzia luzea du. Aurten Bengoetxea izango du lagun aurrelari bergararrak. Hurrengo martitzenean, apirilaren 8an, Ollo eta Linzoainen aurka jokatuko dute.

Bestalde, 22 urtez azpikoetan, zailagoa da agian faboritoak aurreratzea.

Lehen jardunaldia

Lehen jardunaldia gaur, martitzena, jokatuko da Udal Pilotalekuan, 19:30ean hasita. Lehenbiziko partiduan, 22 urtez azpikoen mailan, Astibi-Olalde eta Narbarte-Telletxea bikoteak izango dira aurrez aurre. Ondoren, nagusietan, Andreuk eta Iruretak Beitia-Zabala bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak.

Bergara Hiria Pilota Txapelketak leku propioa izatea lortu du azken urteotan. Profesional mailako partiduen faltan, promesakoekin konformatu beharra daukate Debagoieneko pilotazaleek. Aurtengoa txapelketaren 13. ekitaldia da. Bergara KE pilota saileko arduradunak pozik dira orain arte egindakoarekin: ikusle asko batu izan dituzte harmailetan eta pilotari bikainak ikusteko aukera egon da, gaur egun profesionaletan lehiatzen diren hainbat pilotari tartean.

1995ean abian jarri zutenetik maila handiko pilotariak igaro dira Bergara Hiria txapelketatik

Dagoeneko 13. ekitaldira iritsi da Bergara Hiria Pilota Txapelketa. Hasierako formulari eutsiz, aurten ere gazte eta amateur mailetako promesak ikusteko aukera izango dugu. Aurreko urteotan maila handiko pilotariak ekarri izan dituzte Bergara KEko pilota saileko arduradunek. Palmaresaren gainbegiratua egitea baino ez dago. Profesional mailan dabiltzan hainbat pilotari igaro dira Bergara Hiritik, Martinez de Irujo edo Aritz Laskurain plazentziarra tartean. Laskurainek Bergara Hiriko txapela badauka, baina profesionaletara igaro baino lehen Irujok eta Okiñenak Euskitza eta Erauskinen aurka galdu zuten. Iaz Jon Bengoetxeak eta Erroizeneak eraman zuten txapela. Aurten Bengoetxea eibartarrak Muguruza bergararrarekin osatuko du bikotea. Muguruzak gazte mailan jantzi du Bergara Hiriko Txapelketa. Nagusien mailakoa falta zaio. Lehia gogorra izango da aurten ere.

Sarrera doan eta jardunaldi guztietan Bergara KEren ohiko zozketa: txuleta pare bat eta ardo botilak

Bergara KEko pilota sailak antolatzen du Bergara Hiria, Udalaren eta Kutxaren laguntzarekin. Txapelketak 8.000 euro inguruko aurrekontua dauka eta pilota zaleen ezinbesteko hitzordua bilakatu da urte hauetan guztietan.

Partiduak martitzenetan izaten dira eta sarrera doakoa da. Txapelketako ohituretako bat zera da: pilota sailaren zozketan. Jardunaldi bakoitzean pare bat txuleta eta ardoa zozketatzen dituzte ikusleen artean. Zale asko batu izan dira Udal Pilotalekuko harmailetan. Betiko moduan, txapelketak aurrera egin ahala ikusle gehiago izaten dira partiduak jarraitzen.

Ohikoa den moduan Pazkoetako astelehenean jokatuko dira finalak. Bergarako jaietan jakingo dugu nortzuk diren aurtengo txapeldunak. Bien bitartean, gozatu pilotako promesekin eta Udal Pilotalekuko giroarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak