Bergara Herri Arteko pilota txapelketako finalerdietara

Mireia Bikuña 2009ko mai. 23a, 16:08
Final laurdenetako kanporaketari buelta eman zion atzo Bergarak hiru partiduak irabazi ondoren: 22-7 kadetetan, 22-9 gazte mailan eta 22-19 seniorretan. Reyes Azkoitiaren taldeak Donostiaren aurka jokatuko du finalerdietako joaneko partiduak hurrengo asteko barikuan: 20:00etan Bergarako pilotalekuan.

Kadeteak

Bergarak 2-1 galdu zuen Azkoitian, eta kanporaketari buelta emateko gogoz irten ziren kantxara pilotariak. Lehen-lehenik Mikel Gallastegi eta Beñat Resusta. Lehen tantoa azkoitiarrendako izan zen, baina pilota behin eta berriz atzeko koadroetara bidaliz Azkoitiko atzelariak huts asko egin zituen. Bergararrak 1-5 aurreratu ziren. Hasierako tanto luzeen ondoren, eta Azkoitiko atzelaria oso fin ez zebilela ikusita, sendo jokatu zuten atzean, eta 12 tanto egin zituzten jarraian, 2-17 aurreratuz. Azkoitiarrek  atseden hartu zuten erritmo apurtzeko asmoz, baina ez zituzten gauzak aldatu. Azkoitiko aurrelariak dejada batzuk egin zituen, baina etxekoek sendo mantendu zuten abantaila.
Kadete mailako puntuarekin kanporaketa berdindu zuten etxekoek, eta bederatzi puntuko abantaila hartu zuten.

Gazteak eta seniorrak

Resustak eta Irizarrek partidu  ona jokatu zuten gazte mailan. Kadete mailan bezala lehen tantoa azkoitiarrendako izan zen. Bina berdindu ondoren, sei tantoko aldea zabaldu zuten etxekoek: 8-2. Aldika azkoitiarrek tantoren bat egiten zuten arren, joko indartsua eta sendoa egin zuten Resustak eta Irizarren kantxa osoan zehar, eta 16-9 aurreratu ziren. Partidua erabakita zegoela ikusita, baina ahalik eta abantaila handiena lortzea inportantea zenez, azken sei tantoak etxekoek egin zituzten: 22-16.
Kontuak egin ondoren, senior mailako partidua hasterako bazekiten etxekoek tanto bakarra eginda finalerdietarako txartela lortuko zutela; baina Ander eta Eneko Mugurutzak partidua irabazi egin zuten: 22-19. Barikuko lehiarik gogorrena izan zen. Lehen tantoak oso parekatuak izan ziren. Zazpina berdindu ondoren, 10-7 aurreratu ziren etxekoak. Azkoitiak berdindu egin zuen, eta 11-16 eta 19-17 aurreratu zen; baina, azken bost tantoak bergararrek egin zituzten.

Reyes Azkoitiaren iritzia bergarako bikoteen gainean

Beñat Resusta eta Mikel Gallastegi kadeteak: "Uste baino errazago irabazi dute. Partidua hasi aurretik pentsatutakoa egin dute: jokoa atzeko koadroetara bidali dute Azkoitiko atzelariaren hutsaren bila. Estrategia aldatu eta tantoa bukatzera joan direnean kale egin dute. Inportantea izan da lehen puntua irabaztea".

Gorka Irizar eta Haritz Resusta gazteak: "Oso ondo jokatu dute biek. Haritzek ondo bukatu ditu tantoak aurreko koadroetan. Gorkak, gainera, beste batzuetan baino hobeto eta azkarrago eman dio pilotari. Abantaila handiarekin irabazi dute eta horrek lasaitasuna eman digu hirugarren lehiarako".

Ander Mugurutza eta Eneko Mugurutza: "Tanto bakarra nahikoa zela jakinik lasaiago jokatu dute; dena den, oso ondo egin dute. Enekok aurrean bere maila eman du. Anderrek, agian, ez du joaneko partiduan bezain ondo jokatu, baina Azkoitian ezin hobeto jokatu zuen. Azkoitiarrek baino maila hobea eman dute".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak