Bergara, Herri Arteko finalera

Edu Mendibil 2009ko eka. 7a, 16:56
Hogeita hamabi urteren ostean, Bergarak Herri Arteko Pilota Txapelketako finala jokatuko du berriro. Reyes Azkoitiaren pilotariek Donostia kanporatu zuten zapatuan, Atano III. pilotalekuan, eta hara itzuliko dira datorren domekan, finala jokatzera. Hernani izango dute aurkari domekako finalean.

Aurreko astean etxean gertatu bezala, Bergara 2-1 nagusitu zitzaion Donostiari zapatuan, Atano pilotalekuan. Bergaratik joandako zale askoren laguntza izan zuten bergararrek. Lehenbiziko partiduan, kadete mailakoan, Mikel Gallastegik eta Beñat Rezustak 22-6 irabazi zioten Donostiako ordezkariei, Manzisidorri eta Manterolari (Bergaran baino emaitza hobeagoa, han 22-14 irabazi baitzuten etxekoek). Jakinekoa zen gazte mailan aukera gutxi zutela bergararrek: 22-6 galdu zuten Bergaran jokatutako partiduan eta zapatuan ere donostiarrek erraz irabazi zuten, 22-3. Arzelusek eta Zinkunegik osatutakoa zen donostiarren bikoterik indartsuena eta halaxe erakutsi zuten zapatuan.

Indarra eta esperientzia

Gauzak horrela, senior mailakoa bihurtu zen zapatuko partidu erabakigarria. Eneko eta Ander Muguruzaren eskuetan zegoen finalerako txartela eta ez zuten hutsik egin. Reyesek azpimarratutako moduan, "Enekok indarra jarri zuen aurreko koadroetan eta Enekok esperientzia, atzean". Bergara markagailuan 17-13 aurretik zela, donostiarrak Baez atzelaria aldatzeko eskaera egin zuten; mina hartuta kantxa utzi beharrean egon zen Baez Bergarakoen 18. tantoaren ondoren.  Garrantzi handiko tantoa izan zen aldaketa egin eta sakea bergararren esku zelako. Zale bergararrek protesta egin zuten pentsatzen zutelako aldaketa egitea ezinezkoa zela, baina araudiak horretarako aukera ematen du. Edozein modutan, Aitzol Fernandez Baezen ordezkoak gauza gutxi egin ahal izan zuen. 75 minuturen ostean, 22-15 irabazi zuten Muguruzutarrek. Partiduaren ondoren, Reyes Azkoitiak mugikorrean jasotako zorion agurren artean, Enrike Huizi Usurbilgo pilotariarena zegoen. Lagun handia du eta zera esaten zion usurbildarrak: "Anderrena punto y aparte. Txapelakin itsutu gabe gozatu momentua". Halaxe egin zuten; festa handia izan zen partidu amaieran. Autobusez eta autoetan joandako zaleak bidaia alaia egin zuten Donostiatik bueltan.

Finalerako sarrerak

Reyes Azkoitia entrenatzailea pozez zoratzearren zegoen. Behin bakarrik irabazi du Bergarak Herri Arteko Txapelketa, 1968ko lehen ekitaldian hain zuzen, eta 32 urte dira azken finala jokatu zuenetik. Orduan Azkoitiaren kontra galdu zuten, Andoainen.
Bergarak 700 sarrera izango ditu domekako finalerako, eta astean zehar jarriko dituzte salgai, 12 eta 6 eurotan. Era berean, autobusa antolatzeko asmoa daukate. Donostiatik bueltan, Reyesek finala irabaztea finalerdia irabaztea bezain pozgarria izango ote den galdetzen zien kadeteei, Gallastegiri eta Rezustari. Ikusiko beharko dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak