Ezin kontrolatu
Agurne Barruso alkateak azaldu duen moduan, "ekintza sinbolikoa da, praktikoa baino gehiago. Egun, Udalak ez du mekanismorik kontrolatzeko zer landatzen den herriko lurretan. Produktu transgenikoen aurka gaudela esan gura izan dugu".
Munduan erakunde asko dira euren lurraldea genetikoki eraldatutako organismoetatik libre izendatu gura dutenak. Hego Euskal Herrian EHNE sindikatua da egitasmoa bultzatzen eta zabaltzen ari den erakundeetako bat. Nekazaritza sindikatu horrek dioenez, egia da udalek eurek ezin dituztela produktu transgenikoak kontrolatu, baina bai Eusko Jaurlaritzak. EHNEren esanetan, Jaurlaritzak lege aldetik badu aukera horrelako produktuak saltzen diren edo ez kontrolatzeko eta pentsuak tratatzen dituzten edo ez jakiteko, adibidez.
Hego Euskal Herrian, dagoeneko 56 herrik esan dute ez dutela transgerikorik gura euren lurretan. Debagoienean, Elgetak eta Bergarak apirileko osoko bilkuran hartu dute erabaki hori.