Bergara, garaipenaren eta igoeraren bidean berriro

Sailkapeneko seigarren tokian dagoen Eibartarrak taldeak uste baino buruhauste gutxiago eman zion Bergarari atzo, zapatua. Aurreko astean kolpe gogorra jaso zuten mahoneroek Antzuolaren aurka etxean galtzean, eta hiru puntuak derrigorrezkoa zuten, lidergoari eusteko eta, aldi berean, konfiantza berreskuratzeko. Manu Diazen mutilek ez zuten hutsik egin.

Partidua berehala alde jarri zitzaion etxeko taldeari: 15. minutuan, alboko sake baten ondorioz, Loiolak buruz ukitu eta Martin Ibañezek egin zuen 1 eta 0koa, area txikian. Bergara nagusi zen argi eta garbi eta eibartarrek nekez igarotzen zuten zelai erdiko marra. Gauzak horrela, lan gutxi izan zuen Belategi atezainak, Sotoren ordezkoa zapatuan.
Hainbat aukera galdu eta gero, gol bateko abantailarekin joan ziren etxekoak aldageletara atsedenaldian. Bigarren zatian Bergarak jarraitu zuen erasoan eta 56. minutuan Oier Loiolak ederki gurutzatu zion baloiari Iraolari, erdilari bergararraren jokaldi on baten ondorioz. Handik 8 minutura etorri zen partiduko jokaldi onena beharbada: Martinezek bi arerioa atzean utzi zituen ezkerraldean, korner marraren inguruan, eta bere erdiraketa sareetara errematatu zuen atera berria zen Iñaki Mujikak. Denbora luzean jokatzeke egon ondoren (aurreko astean itzuli zen taldera), albiste pozgarria Mujikarena. Baita Lazpiurren itzulerarena ere. Haien ekarpena estimatuko du taldeak. Manu Diazek azpimarratu bezala, "20 jokalari ditugu eta edozeinek joka dezake". Hori erakusteko, bost aldaketa egin zituen joan den asteko hamaikakoarekiko.  Otero 4-0koa egiteko zorian  egon zen baina Iraolak gelditu ederra egin zuen. Dena erabakita, azken ordu laurdena soberan egon zen.
Manu Diaz pozik zegoen amaieran. "Etxeko partiduak irabaztea ezinbestekoa da, kanpoan zerbait aterako dugu-eta. Hala ere, oraindik maiatza urrun dago...". Igoera bidean hurrengo geldialdia, Orion, datorren aste bukaeran.

Hamaikakoak

Bergara > Jokin Belategi, Agirrezabal, Nafarrete (Oregi, 71. m.), Iñurrieta, Lazpiur (Urteaga, 83. m.), Agirre (Otero, 71. m.), Loiola, Martinez, Alzola (Iñaki Mujika, 63. m.), Martin Ibañez (Eloy Crespo, 63. m.) eta Imanol Cabanillas.

Eibartarrak >
 Iraola, Peña, Sarasua, Artetxe, Berbois, Gorostiza (Joanes, 73. m.), Moyua, Berribeitia, Sanchez, Ramon (Guruzeta, 79. m.) eta Heriz (Jose Angel, 45. m.).

Bestelakoak > Ikusle gutxi Agorrosinen, 150 bat lagun. Bigarren itzulerako lehen partidua. Aritz Regurero hernaniarra izan zen epailea. Partidu lasaia tokatu zitzaion.  Hiru txartel hori atera zizkien etxekoei: Nafarreteri, Alzolari eta Manu Diaz entrenatzaileari, protesta egitearren. Eibartarrak taldearen partetik Gorostizak, Peñak eta Joanesek ere txartel horia ikusi zuten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.