Bergara eta Soraluze arteko bidegorria inauguratu dute

Goiena 2010ko ira. 21a, 16:50
Bergara eta Soraluze arteko ibilbidea oinez edo bizikletan eta arrisku gabe egitea gura duenak, erabilgarri du dagoeneko bi herrien artean aldundiak egin duen bidegorria. Gaur inauguratu dute bidegorri honen azken zatia, Osintxu eta Mekolalde artekoa, hain zuzen ere. Ekitaldian Carlos Ormazabal Garapen Iraunkorreko diputatua eta Soraluzeko Udaleko ordezkariak egon dira, ez hala Bergarakoak. Bertan esan digutenez, ez dutelako gonbidapenik jaso.

Sei hilabete eta erdi iraun duten lanen ostean, gaur inauguratu dute ia bi kilometro dituen Osintxu eta Mekolalde arteko bidegorria. Egindako lanak baina, ez dira berau egitera mugatu: izan ere,  zati hau Soraluze eta Bergara arteko bidegorriaren parte da, eta denera 4 km dituen bidegorria, eta ibilbide guztian zehar hesiak eta seinaleak hobetu dira, baita argiak jarri ere. Kontsumoan aurrezteko baliagarriak diren led argiak dira jarri dituztenak.

Lanok denera milioi bat euroko kostua izan dute. Aldunditik gaineratu dute, 2003an eraiki zuten Soraluze eta Osintxu arteko zatia dela egun aldundiaren bidegorri sarean gehien erabiltzen den tramietako bat.
Bidegorri honek hainbat industria gune zeharkatzen ditu, eta Aldundiaren esanetan, helburua da autoa etxean utzi eta ahal den heinean, lanera bizikletan joatea.
 
Gipuzkoako bidegorrien sarea osatze aldera, Aldundiak 296 kilometro egitea aurreikusten du, eta asmoa da urte bukaerarako horietatik 86 eginda egotea. Debagoienari dagokionez, urria amaierarako amaituta egongo omen dira bergara eta Antzuola arteko bidegorriaren bi fase, baita Eskoriatzako hilerriko bidegorria ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak