Belar artifizialeko futbol zelaia egingo du Udalak Ipintza gunean

Monika Belastegi Aranzabal 2008ko urt. 21a, 09:49
Udala Agorrosin inguruneari dagozkion bi aukera aztertzen ari da: bata, Ipintzan belar artifizialeko futbol zelaia egitea; bestea, igerikeluko kanpoko zelaian umeendako igerilekua egitea.

Ipintzako futbol zelai artifizialari dagokionez, gaur egun arezkoa dagoen lekuan egin nahi dute. Martin Etxeberria Kirol zinegotziak azaldu duenez, Alvaro Perez de Amezaga arkitektoak 2002. urtean Agorrosin ingurune guztirako proiektua egin zuenean, aurreikusi zuen Ipintzan belar artifizialdun futbol zelaia egitea, eta hain justu, Perez de Amezagaren proiektua hartu dute oinarri egin nahi duten zelairako. Baina eguneratzeko eskatu diote arkitektoari, Etxeberriaren esanetan: "Eskatu diogu 2002ko proiektua gaur eguneko prezioetara egokitzea. Urte hartan 900.000 euro inguru zen aurrekontua eta gaur egungoa jakin nahi dugu".

Kopuru horri aurre egiteko diru laguntzak ere badirela aurreratu du Kirol zinegotziak: "Dagoeneko egin dugu berba Iñaki Ugarteburu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendariarekin eta  esan digu halako zelaietarako 400.000 euroko laguntza ematen duela diputazioak. Gipuzkoan, lau edo bost udalerri baino ez gara geratzen belar artifizialeko zelaia egin barik gaudenak, besteak beste Oñati, Antzuola, Soraluze, eta gu geu". Hala, Perez de Amezagak proiektu eguneratua entregatzeko zain daude. Aldundian  diru laguntzaren eskaria egiteko.

Ipintza futbol zelaiarekin futbol taldeek duten azpiegitura gabeziari irtenbidea emango zaiola nabarmendu du Etxeberriak. Horren haritik, Bergara Kirol Elkarteak Agorrosin futbol zelaia Udalari zeditzearen gaia "impas" batean dagoela aurreratu du "egin beharreko lanak oso garestiak direlako eta gaur egun Udalak ez duelako horri aurre egiteko ahalmenik". 

Aldagela berriak

Aldagela berriak egiteko aurrekontua ere eskatu dutela aurreratu du Kirol zinegotziak. Bi aurrekontu: "bata, behin behineko aldagelak egiteko, prefabrikatuak; bestea, behin betirako aldagelak egiteko, etorkizunean Agorrosin futbol zelaia egokituko balitz han integratzeko". Zelaiaren beste aldean, oraingoen parean egingo dituzte.

Kanpoan igerilekua

Beste berrikuntza nabarmen bat ere badute Udal agintariek Agorrosin Ekintza Gunearen harira. Hain justu, kanpoko zelaian igerilekua egingo dutela aurreratu du Etxeberria Kirol zinegotziak: "Batik bat, udarako, umeen aisialdia aintzat hartuta hartu dugu erabaki hau", azaldu du.
Horretarako ere Alvaro Perez de Amezaga arkitektoak 2002an egindako proiektua hartu dute oinarri moduan. Perez de Amezagak egindako proiektuak kanpoan igerilekua aurreikusten zuen, nahiz eta aurreko legealdiak ideia hori baztertu eta soilik estalitako igerileku bi egitea erabaki zuen. Udal gobernu berriak, berriz, uste du kanpoko igerilekua irtenbide ona dela umeek udan lasai jolas egiteko, barruko igerilekura gurasoen laguntzarekin joan-etorrian ibili barik.

Hala, Ipintzako futbol zelaiarekin bezala, kanpoko igerilekuaren kasuan ere 2002 urtean egindako proiektua eguneratzeko eskatu diote Perez de Amezagari. "Proiektuari hainbat egokitzapen egitea eskatu diogu", azaldu du Etxeberriak "bai proiektuak aurreikusten zituen hainbat elementuren gainean, zein aurrekontuaren gainean. Azken horri dagokionez, Perez de Amezagak ez digu oraindik kopururik aurreratu", gehitu du.

Horrekin guztiarekin kanpoko igerilekua egiteko lanak urrian hasiko direla gehitu du, udako denboraldia bukatu bezain laster.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak