8 boto alde; 7 kontra
Udal gobernuak egindako proposamenek aldeko 8 botorekin eta kontrako 7rekin egin zuten aurrera, izan ere, PSE-EE eta EAJ alderdiak neurri berrien aurka azaldu ziren. Udal gobernu taldeak, berriz, zerbitzua zuzenean udalak kudeatzearen alde egin zuen. EAko zinegotzia ez zen atzoko saioan izan.
EAJk uste du udalak berak kudeatu behar dituela hainbat gai, baina ez beste batzuk; kasu honetan, esaterako, zerbitzua zegoen bezala utzi behar zela diote jeltzaleek. Txosten ekonomikoan agertzen diren hainbat punturekin ere desadostasuna azaldu dute.
Horrez gainera, adierazi dute gaur egungo langileendako ez dela batere ona atzo onartutako erabakia.
Eta iritzi berekoa da alderdi sozialista ere: kontratazio eredu berriarekin langileen etorkizuna arriskuan egongo dela salatu du.
Krisi ekonomiko egoeran izanik ere, udal gobernuaren helburua gastua murriztea izan beharko litzatekeela adierazi dute sozialistek, eta atzo hartutako erabakia onerako izango den zalantzan jartzen dute.
Gobernu taldeak, berriz, zerbitzu publikoen publikotasunaren alde egindako apustua azpimarratu du. Pasa den irailean ur zerbitzuekin hartutako erabakia da beste adibide bat.